Euskararen normalizazioa Aiaraldean

'Orozkoaldia' egingo dute bihartik aurrera, Guraso Euskaltzaleen Elkartearen eskutik

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 5a, 11:14
2019an egin zen Aiaraldeko Euskararen Eguna Orozkon. / Aiaraldea.eus

Orozkoko Eskolako guraso batzuen artean sortu dute taldea, haurren eta familien artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. 

Datuen arabera, Orozko da Aiaraldeko udalerririk euskaldunenetako bat. 2017an sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, biztanleriaren %70,92 delako euskaraz hitz egiteko gai.  

Baina erabilera datuak askoz baxuagoak dira. Horregatik erabaki zuen udalak aho batez mankomunitatean sartzea. 

Orain, aldiz, Orozkoko Eskolako guraso talde batek eman du urratsa. Guraso Euskaltzaleen Batzordea sortu dute, helburu nagusi batekin: euren seme-alabek euskararekiko duten harremana aldatzea.

Orozkoaldia, hastear

Hainbat ekimen garatu nahi dituzte horretarako, eta ostiralean abiatuko dute lehenbizikoa: Orozkoaldia. "Hazi, hezi, bizi, euskaraz lehenbizi" lemapean egingo dute egitasmoa. "Euskaraldi moduko bat izango da, haurrekin harremanak dituzten helduei bideratutakoa”, azaldu dute antolatzaileek, “Ahobizi eta belarriprest asko nahi ditugu, haurren eredu egoki izateko. Orozkon euskararen ezagutza altua da helduen artean. Lortu behar duguna da eredu onak ematea”. 

Parte hartzaileek rol hauetako bat hartu behar dute, txapen bidez identifikatuak egongo direnak:

  • 'Hazi' rola euskaraz oso gutxi edo ezer ez dakiten helduek hartuko dute. Euren helburua izango da guraso guztiekin euskarazko esaldi labur batzuk erabiltzea (Egun on, bihar arte, ondo pasa...). 
  • 'Hezi' rola, aldiz, euskaraz jakin bai baina hitz egiteko zailtasuna dutenek hartuko dute. Euren erronka izango da guraso guztiei lehen hitza euskaraz esatea, eta euskaraz erantzuten dutenekin euskaraz hitz egiten jarraitzea, ahal den neurrian. 
  • `Bizi' rola hartzen dutenek, aldiz, euskaraz hitz egingo dute hizkuntza ulertzen duten guztiekin, baita beraiek erdaraz erantzutean ere.

Bihartik maiatzaren 21era arte

Bihar, ostirala, hasiko da Orozkoaldia, eta maiatzaren 21 arte luzatuko da. Izena emateko eta txapak banatzeko zitez gain, beste zenbait jarduera egingo ditu guraso euskaltzaleen batzordeak datozen egunetan: 

MAIATZAK 2-6 
Izena ematea ekitaldian parte hartzeko

MAIATZAK 6 
17:30-19:30ean Zubiaur plazan
Txapak eta informazioa banaketa

MAIATZAK 8 
17:00ean Zubiaur plazan
‘Zubiaur, barrendik ezagutu’ ibilbide gidatua Félix Mugurutzarekin

MAIATZAK 14 
10:30ean Orozkoko museoan
Mari bila (taldeka)

MAIATZAK 21 
Zubiaur plazan
Ekitaldiaren amaiera
14:00etan Tuper bazkaria
16:00etan Bingo musikatua

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide