Zomorroak agertu ziren atzo Orozko Eskolako jantokiko menuetan

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 6a, 22:00
Orozko Eskolako menuan agertu ziren zomorroak, baina platerak ez ziren zerbitzatu. / Aiaraldea.eus

Azaloreak izan ziren lehen platera eta han topatu zituzten landare-zorriak. Elikagai izoztuak zirenez, berotu arte ez ziren konturatu. Catering enpresak azaldu duenez, kasu isolatuak izan dira, "ezohiko kausa naturalek" eragindakoak.

Bizkaiko beste ikastetxe batzuetan bezala, atzo Orozko Eskolan menuaren lehen platera atzera bota behar izan zuten jantokiko langileek eta arduradunek. Izan ere, azaloreak berotu ostean -izoztuta zegoen janaria-, konturatu ziren zomorro txikiak zituela, landare-zorriak, zehazki.

Gertakariak ez du zerikusirik zuzenean Serunion enpresak izandako arazoekin, astelehenean utzi baitzion zerbitzua emateari EAEn eta Ausolan enpresak ikasturte hasieratik hornitzen du Orozkoko jantokia. Azken enpresa horrek argudiatu du jazotakoak "kasu isolatuak" direla, "ezohiko kausa naturalek" eragindakoak. Enpresaren zehaztu du lehorteak eragindako aldaketa naturalek eragin dutela landare-zorriak agertzea azalorean, eta nabarmendu du oso zaila dela aurretik intsektu horren presentzia sumatzea. Era berean, gaineratu du gertakariaren berri izan bezain laster ezarri zutela alerta egoera, arazoaren jatorria detektatzeko, eta intsektuak izan zitzaketen azalore guztiak erretiratuz, eta une batean ere ez zela egon umeen osasuna arriskuan.

Hala ere, eskola publikoetan jantoki zerbitzuari lotutako ezinegonean sakondu du intzidentziak. Hain zuzen, aintzat hartu beharra dago Serunionek Aiaraldeko hainbat ikastetxe arabarren elikadura zuela bere gain eta kexak sortu zituela.

Horrez gain, Gure Platera Gure Aukera plataformak 2023 urtearen amaieran aldarrikatu zuen Urduñako Herri Eskolan baliatzen den eredua -programa pilotu baten barruan- zabaldu beharra dagoela elikadura egokia eta justua bermatzeko, catering zerbitzuak alboratuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide