Pasa den astean agerraldi publikoa egin zuten Gure Platera Gure Aukera ekimenaren ordezkari ugarik Bilbon, Eusko Jaurlaritzari exijitzeko eskola publikoen jantokien esparruan dagoen arazoa desblokeatzea.
Izan ere, catering zerbitzuak hamaika gatazka sortu baditu ere -Serunion enpresarekin izandako gertakariek hautsak harrotu dituzte-, prentsaurrekoan parte hartu zutenek salatu dute Hezkuntza Lege berriak ez duela gaia jorratzen konponbide bat lortzeari begira.
2016an egitasmo pilotua abiatu zuten Urduñako Herri Eskolan tokiko produktuetan oinarrituta, eta esperientzia hori erreferente bilakatu da beste zentro batzuentzat
Adierazpenak babesteko, Urduñako Herri Eskolako komunitateko kideak egon ziren agerraldian, beste hezkuntza zentro batzuetako ordezkariekin batera: San Martin eskola (Bergara), Laukariz HLHI, Fleming HLHI (Villabona), Zabalarra HLHI (Durango), Atxondo HLHI, Allende Salazar HLHI (Gernika), Zeanuri HLHI, Muskiz ikastola, Txingudi ikastola (Irun) eta Karmelo ikastola (Bilbo).
2016tik esperientzia pilotua Urduñan
2000. urtetik indarrean dagoen araudian oinarriturako eskola jantokien ereduari aurre egiteko (catering enpresa handien esku dagoena), 2016an lau proiektu pilotu abiatu zituzten EAEn: Gernikan, Urduñan, Laukarizen eta Markinan.
Honakoa da jadanik zazpi urte bete duten jantoki horien ardatza: elikagai ekologiko, bertako eta sasoikoekin egitea menuak. Horrez gain, hurrengo printzipioak dira zutabeak:
- Kudeaketa publikoa, langileena barne.
- Eskola-jangelan eskaintzen den elikadura ereduak garapen jasangarrirako helburuekin bat egin beharko luke (km0 produktuak, ekologikoak, elikagaien zero xahuketa eta abar.)
- Ikasleak elikadura osasuntsuan heziko dituen espazio pedagogikoa izan behar du eskola-jangelak. Horretarako, langile guztiek lan-baldintza eta formazio egokia izan behar dute.
- Ikastetxearen erabaki-ahalmenak handitu behar dira (eredua aukeratzea, zerbitzuaren kontrola, antolakuntza, hobekuntzarako proposamenak egitea, eta abar) dagokion formazioa bermatuz hezkuntza-komunitateari.
50 ikastetxe urratsa egiteko prest
Urduñan, Gernikan, Laukarizen eta Markinan izandako eskarmentua pizgarria izan da 50 ikastetxe publikorentzat, eredu hori jarraitu nahi dutelako.
Izan ere, hezkuntza zentroek uste dute tokian tokiko sukaldeek abantaila ugari eskaintzen dituztela. Adibidez, janaria sukaldatu bezain pronto zerbitzatzen dela (balio nutrizionalen eta zaporearen mesederako), inguruko elikagaiak kontsumitzeko aukera ematen duela (gogoratu behar da catering zerbitzuek janaria garraiatzen dutela, Serunionek Logroñotik egiten du) eta xahuketa ere nabarmen murrizten dela.
Horregatik guztiagatik, Gure Platera Gure Aukera plataformak eskatu dio Hezkuntza Sailari ikastetxe publiko berri guztiak sukaldearekin eraikitzea eta eskaera egin duten ikastetxe guztietan aztertzea sukaldea sortzeko aukera.