Urduñako Euskara Batzordeak Korrikaren eta euskararen aldeko egitarau oparoa prestatu du apirilerako. Apirilaren 7an eta 8an egingo dira ekintza gehienak. Ostiral horretan igaroko da Korrika Urduñatik. 07:30ak aldera iritsiko da Barrerilla portura eta Saratxorako norabidea hartuko du. Aurreko edizioan bezala, dianak iragarriko du Korrikaren etorrera. Gazte Asanbladak, aldiz, txokolate beroa eskainiko du gaztetxean indarrak berreskuratzeko.
Erakusketak eta kirol ekintzak nagusi
Bestalde, argazki erakusketa bikoitza gauzatuko dute. Batetik, edizio zaharretako irudiak egongo dira ikusgai Alondegian. Bestetik, Euskara Arloak Urduñako elkarteekin aurtengo Korrikako lonarekin talde argazkiak egin eta zintzilikatzeko asmoa agertu du. "Duela bi urte tabernetan jarri genuen erakusketa eta oso arrakastatsua izan zen", adierazi du Matxalen Garcia Escudero euskara teknikariak.
Apirilaren 8an, berriz, spininga eta zumba eskainiko dute Foru plazan euskaraz. AEKk mintzodromoa antolatuko du egun horretarako; eta umeentzako herri kirolak ere egongo dira, hainbat gunetan bereizita: baserri txokoa, itsas-portua...