Apirilaren 6an eta 7an igaroko da Korrika Aiaraldetik. Aiaraldea hedabideak, ordea, hiru astetan egingo dio jarraipena.
20. edizioa izango du aurten ekimenak. Hori dela eta, 20 ikuspegi ezberdinetatik landuko da Korrika, iritzi zutabeen bidez. Erredakziotik hainbat euskarri erabiliko da herritarren partaidetza sustatzea helburu. Atarian, sare sozialetan zein paperean izango du isla jarraipenak. Izan ere, ostegun honetan (martxoak 23) argitaratuko da Korrikari buruzko egunkari berezia.
Kanal berezia
Publikatzen diren eduki guztiak pilatuko dira "Korrika" kanal berezian. Horrela, webgunean herri guztien argazkiak eta bideoak plazaratuko dira, lekuko aldaketak, besteak beste.
Aurreko edizioetan bezala, boluntarioen sare zabala arituko da lanean. Nobedadeen artean daude Aiara Dronerekin elkarlanean Korrika airetik erakutsiko duten irudiak. Dena den, ibilbidea ez ezik, Korrikak sortzen duen giroa jasoko da bideo zein argazkietan, hainbat kolaboratzaile arituko baitira ibilbidean barrena zirika.
Zuzeneko kontaketa
Apirilaren 6an eta 7an Aiaraldea.eus webgunea bilakatuko da Korrikaren ispilu, nola sare sozialetan hala webgunean sareko kontaketa izango baita nagusi. Horrez gain, bideo bereziak ere argitaratuko dira: Korrika herriz herri, airetik, boomerangak...
Selfie eta Boomerang lehiaketa
Herritarrek ere izango dute jarraipen berezian parte hartzeko aukera. Izan ere, selfie eta Boomerang mugikor aplikazioarekin osatutako bideo lehiaketa egongo da. Hala, Korrikan aiaraldearrek jasotako irudiek saria jasotzeko parada izango dute. Ez edonolakoa, gainera: partaideen artean zozketatuko baitira Abiaga jatetxean 50 eurotan baloratutako bi menu bikoitz. Facebook, Twitter, Whatsapp (6888481452) edo Instagram sare sozialak erabiliko dira horretarako.
Aiaraldea.eus-ek kilometroa zozketatuko du
Partaidetza sustatu eta AEKri babesa emateko, Aiaraldea Komunikazio Leihoak ere egingo du bat Korrikarekin.
Apirilaren 7an 12:38an eramango du Aretako elizatik Santa Ana jubilatuen etxera bitarte eramango du lekukoa proiektuak. Aipatu bezala, zozketa berezia egingo da atarian, bazkideen eskura jarrita lekukoa eramateko aukera, egitasmoari babesa ematen dioten kideak baitira egitasmoaren protagonista eta oinarri. Apirilak 5 arte egongo da zabalik zozketa.