Eskolatik kalera aterako dute Korrika ikastetxeek

Erredakzioa 2017ko mar. 23a, 07:38

Korrika Txikiak egingo dituzte Amurrion, Okondon, Urduñan eta Artziniegan. Argazkia: aiaraldea.eus

Korrika izango dute ikasgai datozen egunetan 3-18 urte bitarteko ikasleak dituzten eskualdeko hezkuntza zentro guztiek, AEKk prestatutako unitate didaktikoa ardatz hartuta. Korrika Txikiak ere egingo dituzte hainbat herritan.

Korrika “bereziki” lantzen den tokiak badaude, horiek ikastetxeak dira. Motorrak berotzen hasi dira dagoeneko eskualdeko hezkuntza zentroak. Hainbat ekintza egingo dituzte apirilak 7 bitarte.

Unitate didaktikoa
Aurtengo edizioari begira unitate didaktikoa prestatu dute Korrikaren antolatzaileek, Korrika.eus webgunean topatu daiteke. Hainbat material dago eskura bertan, 3 eta 18 urte bitarteko  ikasleei zuzendutakoa. Petoak margotzea, Korrikako ibilbidearen mapa egitea, abestiaren letra ikastea... hainbat ekintza, joko eta dinamika proposatzen dira unitate didaktikoan, eskola bakoitzak egokien iruditzen zaizkionak hartu eta landu ditzan.

Horretan ari dira eskualdeko ikastetxe guztiak. Unitate didaktikoaz harago joango dira eskualdeko heziguneak. Etxaurren Ikastolan mapa osatu dute, Korrikak egunez egun egiten duen bidearen jarraipena egiteko. “Korrika lasterketa baino gehiago dela erakustea da helburua”, azaldu du Ane Moreno zuzendariak. Flashmoba grabatzeko asmoa dute baita, Korrikako abestiaren erritmora.

Antzeko gauza egin nahi dute Aretako Fabian Legorburu ikastetxean: Lip Duba grabatuko dute apirilaren 6an. Arrankudiagako Eskolako ikasleek, euren aldetik, haizemetroa eraiki dute, “egun bakoitzean zenbat euskara egiten dute neurtzeko”.

 

Korrikaren antolatzaileek prestatutako unitate didaktikoa lantzen ari dira eskualdeko ikastetxe guztietan


 
Kilometro propioak
Azken edizioetan Korrika gauez igaro da Aiaraldetik. Aurten, baina, goiz-eguerdi partean pasako da, eskola orduetan. Hori dela eta, ikastetxe askotan planteatzen ari dira klasetik atera eta Korrikan parte hartzea. Horren adibide da zenbait ikastetxek haien kilometro propioa erosi izana.
Hala egin du Laudioko Lanbide Heziketa Ikastetxeak. Zentroko kide guztiek (ikasleek barne) egin dute ekarpen ekonomikoa. Laudio Institutuak, Aresketa Ikastolak, Arrankudiagako Eskolak, Latiorro Ikastetxeak, Urduñako Herri Eskolak eta Orozkoko Ikastetxeak ere hartuko dute lekukoa.

Korrika Txikiak
Korrika Txikiak ere egongo dira eskualdeko hainbat txokotan. Artziniegan asteazkenean egingo dute.  Urduñan apirilaren 7an izango da, 15:00etan; eta diskodantza eta txokolatada egongo dira gero. Amurrion, aldiz, apirilaren 7an bertan izango da zita, 15:00etan gasolindegian.

 

Korrika txikiak egingo dira Amurrion, Artziniegan, Urduñan eta Okondon



Okondon, Korrika Txikia soilik
Okondo izango da aurten Korrikak bisitatuko ez duen eskualdeko herri bakarra.
Hori dela eta, Korrika Txikiak hartuko du protagonismo osoa. Ostiralean abiatuko da euskararen aldeko lasterketa, 16:15etan, eta amaitzerakoan hainbat ekintzaz gozatzeko parada egongo da, udalaren eskutik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide