Iragan ostegunean Irunetik abiatu zen 23. Korrika, Baiona helburu. Geroztik Euskal Herriko bazterretatik dabil bueltaka lekukoa, eta datorren ostiralean —martxoak 22— iritsiko da eskualdera. Aiaraldea Komunikabideak herriz herri jaso du Korrikak egingo duen ibilbidea, jarraituko duen ordutegia eta kilometro bakoitzean lekukoa nork eramango duen zehaztuta.
Artziniega
Ostiralean Artziniegatik sartuko da Korrika eskualdera. Gordexola atzean utzita, 6:25etan iritsiko da lekukoa hiribildura, eta Alde Zaharreko kale estuetatik zabalduko dute euskararen aldeko aldarria.
Aiara
Artziniegari lekukoa hartuta, Korrika goiztiarra izango da aurtengoa Aiaran. Aurreikuspenen arabera, 7:15ean emango du euskararen aldeko lasterketak lehenengo urratsa udalerrian.
Urduña
Dena ondo bidean, 8:26ak aldera sartuko da Korrika Urduñan. Antiguatik jaitsiko da, Belandia eta Lendoñobeitik igaro ostean.
Amurrio
Aurten 0. kilometroan ez, 2.051. kilometroan batuko da Amurrio euskararen aldeko ekimen erraldoira. Saratxotik sartuko da lasterketa udalerrira, 9:51ak aldera.
Laudio
Korrikak eta Dolumin Barikuak bat egingo dute aurten berriro ere. Azkenekoz 2017ko edizioan kointziditu zuten Laudioko azoka entzutetsuak eta euskararen aldeko lasterketa herrikoiak. Lekukoa 11:19ean sartuko da herria, Gardea auzotik.
Arakaldo
Herri txikia izan arren, sarritan jaso du Arakaldok Korrikaren bisita, eta aurtengo edizioa ez da salbuespena izango. 12:33ak aldera sartuko da euskararen aldeko ekimen ibiltaria Aiaraldeko herri txikienean.
Arrankudiaga-Zollo
Arrankudiaga-Zollo izango da aurtengo Korrikari agur esango dion udalerria Aiaraldean. Bost kilometroko ibilbidea izango dute bi urtean behin igarotzen den egitasmoaz gozatzeko.
Hemen ikusi daiteke eskualdeko ibilbide osoaren mapa:
Eta hemen, aldiz, Euskal Herrian zehar Korrikak jarraituko duen bidea:
Informazio guztia, Korrika aplikazioan
Aurtengo nobedadeen artean, Korrikaren aplikazioan eginikoak nabarmendu dituzte antolatzaileek. Korrika Laguntzaile txartela txertatu dute aplikazioan, eta astero egiten ari dira zozketak euskararen aldeko ekimenaren babesleen artean.
Ibilbideari dagokionez, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera emango du aplikazioak, furgonetak izango duen geolokalizazioaren bidez. Modu horretan, erabiltzaileek aukera izango dute Korrika aurreratuta edo atzeratuta datorren ikusteko.
Hemen deskargatu daiteke aplikazioa Androiderako, eta hemen Apple mugikorretarako.
Korrika.eus webgunean ere kontsultatu daiteke ibilbideari buruzko informazio xehea.
Aurreko edizioetako argazki eta bideoak
Aiaraldea Komunikabideak atari berezia atondu du Korrikaren jarraipena egiteko. Hemen ikusi daitezke aurreko edizioetako argazki guztiak eta hemen, aldiz, bideoak.
Abestia
Maite Arroitajauregi Aranburu 'Mursego' arduratu da Korrikaren 23. edizioko kanta konposatzeaz: