Aiaraldea Komunikabidearen Twitch kontua itxi dute, "komunitatearen irizpideak urratzeagatik"

Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 06:00

Iragan asteartean jaso zuen mezua Aiaraldea Komunikabideak.

Kontua "boot edo spam moduan" erabili izana argudiatu du Twitchek kontua ixteko. Aiaraldea Komunikabideak helegitea jarri du eta erantzunaren zain dago.

Iragan asteartetik itxita dago Aiaraldea Komunikabidearen Twitch kontua. Ezin da bertara sartu eta ezin dira bertan zeuden ikus-entzunezkoak ikusi.

Urtarrilaren 3ko iluntzean jaso zuen komunikabideak Twitch sare sozialaren mezua, esanez kontua bertan behera utzi zutela komunitate irizpideak "modu larrian edo behin baino gehiagotan" urratzeagatik.

Zehazki, kontua boot edo spam moduan erabiltzea leporatu diote Aiaraldea Komunikabideari. Hedabideak zuzeneko edukiak plazaratu ditu orain arte Twitchen; azkena, urte amaieran: Arkaitz Eskuza pilotariari eginiko elkarrizketa. Gauzak hala, helegitea jarri du komunikabideak, eta erantzunaren zain dago. 

Sare sozialen hackeoa

Orain gertatutakoa ez da kontu berria. Irailean Aiaraldea Komunikabidearen hainbat sare sozial hackeatu zituzten eta, ondorioz, komunikabidearen kanala itxi zuen YouTubek.

Kasu horretan, hackeoa egin zutenek kriptotxanponei buruzko zuzenekoa abiarazi zuten komunikabidearen kanalean, eta horregatik itxi zuen kontua YouTubek. Zorionez, kontua eta bertako bideo guztiak berreskuratzea lortu zuen komunikabideak azaroan, hainbat ezohiko tramite egin ostean. 

Gauzak hala, posiblea da Twitchen kanalaren atzean ere hackeo kasu bat egotea. Modu batean edo bestean, Aiaraldea Komunikabideak lanean jarraituko du Twitch kontuan ahalik eta lasterren berriz martxan egon dadin. Bien bitartean, Aiaraldea.eus atarian eta Youtuben jarraitu ahalko dira zuzeneko emisioak.  

Erlazionatuak

Ziberrerasoak, guztion arrisku eta arazo

Izar Mendiguren Cosgaya 2022 urr 27 Aiaraldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide