ZIBERERASOAK

Aiaraldea Komunikabideak Youtube kontua berreskuratu du, zibererasoaren ondorioz desaktibatua zegoena

Erredakzioa 2022ko aza. 18a, 15:00

Aiaraldea Komunikabideko bideo guztiak ikusgai daude berriro.

Prozesua uste baino luzeagoa eta korapilatsuagoa izan da, ohiko prozedurak ez baitu emaitzarik eman.

Aiaraldea Komunikabideak zibererasoa izan zuen irailaren 28an eta, horren ondorioz, sare sozialetan kalteak jaso zituen. Horien artean, larriena izan zen Youtube kanalaren desaktibazioa. Izan ere, hackerrak kriptotxanponei buruzko bideoa argitaratu zuen komunikabidearen kontuan eta Youtubek komunitatearen arauen urraketatzat jo zuen.

Horrez gain, erasotzaileak Aiaraldeak argitaratutako ehunka bideo ezabatu eta profilaren irudiak ere aldatu zituen.

Berreskurapen prozesua

Printzipioz, Youtube kontua berreskuratzeko modu bakarra dago. Enpresak helegitea jartzeko esteka eskaintzen du eta hori beteta abiatzen da prozesua. Youtubek ziurtatzen du egun gutxi batzuetan amaitzen duela prozedura, baina Aiaraldea Komunikabidearen kasuan, behintzat, ez da horrela izan. Aipatu beharra dago Estatu Batuetako hauteskundeak izan direla tartean eta litekeena dela horrek zerikusia izatea.

Dena den, asteak igaro ahala, helegite osatuagoak bidali ditu komunikabideak, baina erantzun automatizatuak baino ez ditu jaso. Bide batez, nabarmendu beharra dago errekurtsoa betetzen den bakoitzean, prozesu osoa abiatzen dela berriro.

Edonola ere, ikusita ez zela erantzun berririk sortzen eta denborak aurrera egiten zuela, komunikabideak mezua argitaratu zuen Youtube komunitatean, laguntza eske, bere kasua oso argia baitzen (zibererasoaren ondorioz gertatu baitzen arauen urraketa). 

Handik ordu gutxira Youtube komunitateko boluntario batek erantzun zuen mezua eta kontua berriro aktibatzeko prozesua hasi zen. 10 eguneko lana izan da, zeinean komunikabideak Youtube taldeko eskaerak bete dituen, eta alderantziz. Izan ere, hackerrak Aiaraldeko bideo ia guztiak ezabatu zituen eta Youtubek ikusgai jarri ditu berriro.

Prozesu guztian azpimarratu behar da ezinbestekoa izan dela Angel Abad adituaren aholkularitza, agertutako oztopoak gainditzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide