"Zirrara sortzen du Korrika Parisen egiteak"

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mar. 20a, 16:01
Lorea Ibañez, aurtengo Korrikan. Argazkia: L.I

Igandean egin zuten Korrika Parisen. LOREA IBAÑEZ (Amurrio, 1987) izan zen antolatzaileetako bat. Frantziar poliziek seinaka eta espaloitik joateko baimena soilik eman zieten, baina giro eta umore onean egin zuten korrika.

Igandean izan zen Pariseko Korrika. Zer egin zenuten?
Ibilbide bat finkatzen dugun bigarren aldia da, nahiz eta  20. Korrika izan. Berez 2,9 kilometro egiten ditugu Parisen, Montmartretik hasi eta Santuenen dagoen Euskal Etxera.
 
Erritmo lasaian joaten saiatu ginen, parte hartu nahi zuen edonork kilometro horiek egin zitzan. Euskal Etxera heldutakoan, poteoa eta erromeria izan genuen Z'anonymes taldearekin.
 
 
Ez da ohikoa Parisen euskararen aldeko ekimenak ikustea. Nola erreakzionatu zuen jendeak?
Urtean zehar euskararen aldeko bi edo hiru ekitaldi egiten dira, "Laburbira", "Herri Urrats" eta bi urtetik behin, "Korrika". Azken hau duela bi urte egin genuen Parisen lehen aldiz. Hasiera batean "petit commité" moduan egiten zen Euskal Etxean. Beraz, jendeak ideia berri honi irmo heldu dio, badakite euskararen aldeko ekimen oso ezaguna dela. Korrika Parisen egiteak zirrara ematen du.

Euskal Etxea duzue topaleku. Euskara sasoi onean al dago bertan? Zenbat euskaldun daude?
Pariseko Euskal Etxeak guztira 600 bazkide ditu, eta horietariko 300ek hartzen dute parte ekimenetan. % 90 iparraldekoak dira, gehiengoa jende nagusia da, hurrengo belaunaldiari euskaraz irakatsi ez diona. Euskal Herritik datozen gazteen % 70ak, berriz, euskaraz hitz egiten du.
 
Euskal Herriko euskalki guztiak ditugula uste dut. Oso polita da entzutea zelan aritzen garen, bakoitza bere euskalkiarekin eleketan! Oso ondo konpontzen gara, eta  asko handitu dugu hiztegia sinonimoekin... Etortzera gonbidatzen zaituztet, mazedonia polita topatuko duzue bertan eta!
 
Nola bizi da atzerritik Korrika?
Ekitaldi berezia da Korrika. Niretzat oso hunkigarria da, bai Parisen eta baita Euskal Herrian ere. Bertan zaudenean, eta jendea euskararen alde korrika dabilela ikusten duzunean, bihotzez eskertzen duzu herrian jaio izana. Oso une politak dira, eta hala jarraitu behar dugu, euskarari momentu politak emanez.


Ez da antolatzen duzuen aurreneko aldia. Abentura edo bitxikeriarik kontatzeko ez zaizue faltako...
Abentura mordoa dauzkagu bai... Liburu bat idazteko beste! Oraingo honetan gendarmeek lortu dute urrezko izarra. Duela bi urte bezala, errepidea blokeatzeko baimenak eskatu genituen (2-3 hilabeteko aurreikuspenarekin). Beno, ba artista koadrila horrek bezperan eman zigun baimena... Baina ez da hor bukatzen abentura. "Manifestaldi" bat egiteko aukera baimendu ziguten, baina seinaka eta espaloitik joanez gero! Zelan egingo dugu guk Korrika ondo espaloitik eta seinaka?! Azkenean, Montmartren geundela, inor ez zegoenez kontrolatzen, gure saltsan egin genuen korrika, errepidea "blokeatzen", musikarekin eta denok elkarrekin!
 
 
Zein da lekukoaren bidez zabaldu duzuen mezua?
Gure mezua sinplea izan da: globalizatua dagoen mundu batean, zeinetan kultur asko nahasten diren, ez galtzea identitatea (Paris horren eredu ona da). Gauden lekuan gaudela, euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide