Euskarari zirri eta korrika... Amurrion bagara batzuk! Euskara laztanduko dugu emeki, euskarari zirri egingo diogu denok batera korrika egiten. “AMURRION BAGARA BATZUK” berdin pentsatzen dugunok.
Euskarak eta mugimenduak bat egingo dute oraingoan ere, mingaina erabiliz, hitz-ibilgailu bilakatuz…
Euskararen presentzia aurrera doa Aiaraldean, baina oraindik ere beharrezkoak dira jende oro sentsibilizatzeko jarduerak; eta guztiok batera eginez gero, askoz ere indartsuagoa izango da euskara.Familiak, lagunak, umeak… euskaltzale guztiok hizkuntzari zirri eginez, Korrikaren eskutik, lekuko baten atzetik, belaunaldiz belaunaldi zabalduz doan komunikatzeko tresna bizia.
Katea ez da eten. Horregatik guztiagatik animatzen zaituztegu Korrika kulturalean eta Korrikan parte hartzera. Aukera paregabea da eskualde osoan batzen gaituenaren inguruan lan egiteko, gozatzeko… zirri egiteko.
Parisen ere zabaldu da egunotan; eta, aurten, beti bezala, Amurriotik ere pasatuko da; beraz, igarotzean zapatilak jantzi eta kalera atera ozenki aldarrikatzera euskarak ematen dizuna. Bertan elkartuko gara ziur asko. Aurrera Korrika!