SOLASALDI OSOA

“Korrikak batu gaitu orain, 31 urte beranduago, Amurrioko euskaltegian”

Erredakzioa 2022ko mar. 12a, 10:26

Solasaldia eskaini zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amurrioko Euskaltegian. Euskararekin izandako bizipenak izan zituzten hizpide hiru pailazoek, Maite Benito eta Mertxe Cuadrarekin batera. Cuadra eta Benito Marimototsekin -Mertxe Rodriguez- batera egon ziren euskara barnetegi batean, duela 31 urte.

Ikuskizun bikoitza eskaini zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotsek iragan martxoaren 4an Amurrion. Herrian zeudela probestuta, AEKren euskaltegia bisitatu zuten hiru pailazoek, eta ordubeteko solasaldia egin zuten bertan.

Pirritx eta Porrotxek (Aiora Zulaikak eta Jose Mari Agirretxek) dinamizatzaile lana bete zuten, hitzaldiko protagonismoa beste hiru pertsonaren esku utziz: Mertxe Rodriguez (Marimotots), Maite Benito (Amurrioko AEKko irakaslea) eta Mertxe Cuadra (Amurrioko bizilaguna). Hirurak elkarrekin egon ziren euskara ikasteko barnetegi batean, duela 31 urte, eta garai hartako bizipenak izan zituzten mintzagai. 

Maite Benito izan zen hitza hartzen lehena. “Nire kasua oso bitxia da. Institutuan ikasketak bukatuta, unibertsitatean kazetaritza ikastea zen nire lehen aukera, baina ez ninduten onartu”, kontatu zuen irakasleak, “garai hartan AEK-n nengoen, eta Iñaki Ibarluzea zen nire irakaslea. Mertxe Rodriguez eta biok euskal filologia ikastera joan ginen Gasteizera, hori baitzen nire bigarren aukera, baina bi hilabete pasata konturatu ginen ez zela gurea. Orain pentsatuta, baliteke gure euskara maila egokiena ez izatea”. 

“Barnetegian sartzean gure euskara maila oso baxua zen, baina euskaraz hitz egiten genuen beti gure artean”

Orduan erabaki zuten bi lagunek barnetegian izena ematea, Mertxe Cuadrarekin batera. “Nire Garai hartako euskara maila oso baxua zen”, oroitu zuen Rodriguezek, “Institutuko 6. Mailan hasi nintzen euskara ikasten, baina ez nuen ezer ulertzen, eta metodología oso txarra zen”. 

Gauzak hala, barnetegiaren hasiera “oso gogorra” suertatu zitzaion Marimototsi, baina aurrera egitea lortu zuten. “Barnetegian sartzean gure euskara maila oso baxua zen, baina euskaraz hitz egiten genuen beti gure artean”. 

Inflexio puntu bat aipatu zuen Rodriguezek euskara ikasteko bere prozesua gogora ekartzean: “Egun batean konturatu nintzen euskaraz amestu nuela, ‘klak’ moduko bat izan zen. Une horretatik aurrera beste modu batean hitz egiten hasi nintzen, lasaiago”

Benitok, aldiz, euskara klaseak ematen ikasi zuen gehien euskaraz. “Barnetegitik itzuli eta gutxira hasi nintzen klaseak ematen euskaltegian, eta asko prestatzen nituen saioak, nire euskara maila oraindik ez zelako ona”.  

Gaur egungo ikasleen perfila “erabat” ezberdina dela aitortu zuten solasaldian. “Lehen jendeak euskara ikasten zuen bihotzez, euskara ikasi nahi zuelako. Orain, aldiz, tituluaren bila datoz asko”. 

Korrikari begira, aldiz, gogotsu azaldu ziren solaskide guztiak. “Korrikak batu gaitu orain, 31 urte beranduago, Amurrioko euskaltegian”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide