IRITZIA

Oldarraldien aurrean, herri bat Korrika

Erabiltzailearen aurpegia Ane Arandia Morgaetxebarria 2024ko mar. 13a, 09:38
Korrikaren herri izaera izan dadila hauspoa oldarraldiei aurre egiteko. / Aiaraldea.eus

Bi urterik behin errepikatzen den zita berezia dugu Korrika, agendan kolore gorriz azpimarratzen den horietakoa. Hamaika ekintza, auzolana, herriz herri egitaraua duen horietakoa. Euskararen aldeko ekimenik erraldoiena, euskaldunon inbentario kolektiboko izarra. Asko dira partekatzen ditugun oroitzapenak, erretinan grabatuta geratu zaizkigun irudiak, sentitutako emozioak. 

Zirraraz begiratu dugu gure herritik noiz igaroko den ibilbidea atera den egunean, birbidali digute hitzordua eta birbidali dugu, streaming bidez jarraitu dugu uneren batean Korrika, sareak korrikaz bete zaizkigu, eta lekukoan gordetako mezua nork idatzi duen asmatzen saiatu gara kuadrillan. 

Ikusi dugu, elurtutako furgoneta bultzaka aurrera eramaten, ikusi ditugu goizaldeko ordu txikietan ilunpetan korrikalari bakartiak, ikusi ditugu hiriburuetako kaleak jendez lepo. 

Sentitu dugu emozioa, hunkidura gure kilometroaren zain korrika heltzear zela jakitean, musika entzuten hastean, furgonetako argiak gerturatzen ikustean. Bihotza pil-pilean / tik-tak, tik-tak, tik-tok. 

Hunkitu gara lekuko barruko mezua lehen aldiz plaza betean entzutean, adinduak irribarrea ahoan lekukoa hartzean.

Herri bezala bizi izan dugu, taldean, eta hori da denik eta gauzarik ederrenetarikoa, hizkuntzak batzen gaituela ikustea, euskal komunitatearen  parte sentitzea.

Munduko korrikak ikusi ditugu, Tokion zein New Yorken, Argentinan eta Laponian. Ikusi dugu nola Korrikak erditu dituen ahizpa txikiak (bretorieraren alde, katalanaren alde, galizieraren alde, okzitanieraren alde, galesaren alde, gaelikoaren alde, alsazieraren alde, mapuzugun hizkuntzaren alde edo korsikeraren alde). Hizkuntza gutxituetako hiztunak euren hizkuntza aldarrikatzen ikusi ditugu. Jatorri, ideia eta izaera anitzeko pertsonak biltzeko parada eskaintzen du Korrikak, eta ez da erronka makala hori lotzea. 

Harro egoteko moduko ibilbidea du Korrikak. Harro egoteko modukoa da herriz herri antolatzen diren ekintzak ikustea. Euskararen aurkako sententzien, oldarraldiaren eta traba guztien aurrean gure izena eta izana harro aldarrikatzen segi dezagun, eta izan dadila suspergarria eta energia emailea, hurrengo Korrikara arte eman diezagula oztopoei aurre egiteko behar dugun energia dosia. 

Ez badigute ematen, / arrazoia guri / Su emango diogu, / haien legeari

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide