Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

Udalak ez du hiltegia berriro zabaltzeko prozedura abiaraziko, eskualdeko lehen sektorearen kaltean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 15a, 11:01

'Hiltegia Ez Itxi' plataformako kideek irailean egindako aurkezpen agerraldia. / Aiaraldea.eus

Laudioko Udalak ez du hiltegi zerbitzua abiaraziko, egin beharreko inbertsio handiek proiektuaren bideraezintasuna eragiten dutela argudiatuta. Erabakiak egoera larrian uzten ditu herriko eta eskualdeko abeltzainak, 'Hiltegia Ez Itxi' plataformak salatu duenaren arabera. Baserritarrak prest agertu dira zerbitzua behin-behinean kudeatzeko.

Laudioko Udalak ez dio udal hiltegia berriz abian jartzeko prozedurari ekingo. Horrela adierazi zuen Udal Gobernuak urriaren 8an egindako Tokiko Gobernu Batzarrean, eta gauza bera baieztatu zien 'Hiltegia Ez Itxi' plataformako kideei urriaren 13ko bileran.

Zerbitzua berriro abian jartzeko egin beharreko inbertsioen kostu handia jarri du udalak argudio bezala mahaigainean. Hain zuzen ere, urak arazteko sistema baten beharra du hiltegiak eta tokiko gobernuak 900.000 eurotan jarri du azpiegitura berri horren kostua.

2019an, ordea, hiltegiaren irekiera bermatuko lukeen proiektuaren aurrekontua 260.000 eurokoa zen. Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako partida zen hori, baina ez zen exekutatua izatera iritsi.

Aiaraldeko abeltzain eta harakinek osatutako plataformak ulergaitza deritzo bi urteko epean aurrekontu hori 900.000 eurotara puztu izana, eta aztertu nahi izan ez diren tarteko beste irtenbide batzuk daudela aldarrikatu dute: "Honek udal hiltegiari buruzko erabaki-paralisi argia uzten du agerian, egungo egoerara eraman gaituena".

Uztaila hasieran kautelazko neurri gisa itxi zuen udalak Laudioko hiltegia, eta irailean enpresa kudeatzailearekin indarrean zegoen kontratua deuseztatu zuen, bertan adierazitako baldintzak betetzen ari ez zirela argudiatuta. Udal gobernuak zerbitzua berriro lizitatzeko plegu berriak erredaktatzeko lanari ekingo ziola jakinarazi zuen, baina gaur gaurkoz geldirik dago prozedura hori.

Plataformako kideen esanetan, udaletik jasotako azalpenak "hiltegia ixteko erabaki politikoa argudio teknikoen atzean ezkutatzeko saiakera" dira. Uztailetik hona itxiera justifikatzeko hainbat argudioren lekuko izan direla salatu dute: "bertsio bakoitza aurrekoaren desberdina izan da".

Lehen sektorea kinka larrian

Udal gobernuaren erabakiak Laudioko, eta oro har, Aiaraldeko lehen sektorea egoera larrian jartzen dutela uste dute abeltzainek. Udaletik proposatutako behin behineko aterabideek ez dute zentzurik hiltegiaren zerbitzuari eusten ez bazaio. "Ustiategi txikien egoera hain da larria, non litekeena baita aukera hori gauzatzen denerako ez geratzea azpiegitura erabiltzen duen ustiategirik" salatu dute abeltzainek.

Zerbitzuaren ezinbestekotasuna ikusirik, baserritarrak prest agertu dira hiltegia behin-behinean kudeatzeko, eta bilera eskatu dute udalarekin

Bide beretik egin du kritika EH Bilduren udal taldeak ere. "Erabaki honekin EAJren gobernuak akabera eman die tokiko eta kalitatezko zerbitzu baten alde apustua egina duten abeltzain, harakin, langile eta kontsumitzaileen aldarrikapenei" adierazi du Lamia Arcas bozeramaileak.

'Hiltegia Ez Itxi' plataformatik proposamena luzatu diote udalari, zerbitzuaren jarraikortasunari eusteko. Hain zuzen ere, baserritarrak prest agertu dira zerbitzua behin-behinean kudeatzeko. Beste bilera bat eskatu diote udalari, sortzen ari diren baserritarren elkarte bati azpiegitura lagatu edo alokatzeko. "Elkarte hau instalazioen behin-behineko kudeatzailea izango litzateke, zerbitzua lehenbailehen berrabiarazi dadin" azaldu dute abeltzainek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide