Zerk eragin du hiltegiaren itxiera?
2019ko itxieraren ostean hiltegia berriro martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen. 200.000 euroko inbertsio bat egin zen eta azaroan zabaldu zituen ateak. Ordura arte kudeatzaile lanetan egondako enpresa berberak (Emusan S.L) jarraitu zuen kudeaketan, eta 2020an kontratu berria esleitu zitzaion urriaren 1etik aurrera.
2021eko ekainean ertzaintzaren dei bat jaso genuen udalean, esanez hiltegiaren aurkako salaketa anonimo bat zegoela. Salaketa horren arabera hiltegian sakrifikatutako abereen heste barruko hondakinak kudeatzailearen lursail partikular batean botatzen ziren.
Udaletik hiltegira bertaratu ginen, eta hainbat gabezia aurkitu genituen; gauza batzuk ez zetozen bat lizitazioko pleguetan agertutakoarekin, hala nola guanoaren kudeaketa. Udal teknikariek bigarren bisita bat egin zuten hurrengo egunean, hiltegia funtzionamenduan zegoenean. Besteak beste, odola ponpatzeko eta biltzeko sisteman isuri bat antzeman zuten, bai eta putzu septikoa kolmatatuta zegoela.
Udalak salaketa aurkeztu zuen eta hiltegiaren kautelazko itxiera gauzatu zuen, teknikarien ebazpenak jarraituz. 2019ko egoera berdinean aurkitzeko arriskua zegoen, eta nuerriak hartu behar genituen.
Nolakoa izan da prozesua kautelazko itxierarik lizitazio kontratuaren suntsipeneraino?
Hiltegiaren enpresa kudeatzaileari hainbat dokumentu eskatu genizkion, eta aurkeztutakoa ez zetorren bat guk eskatutakoarekin. Bi aldiz egin behar izan genuen errekerimendua.
"Erabaki teknikoa izan da, ez politikoa"
Argi ikusi genuen ez zirela kontratuan ezarritako baldintzak betetzen ari. Odola, tripakiak eta bestelako hondakinak enpresa espezializatu batek kudeatu behar ditu, eta Laudioko Hiltegian ez zen hori gertatzen.
Udal teknikariek irregulartasun guzti horiek kontuan izanda, eta ikusirik enpresa kudeatzaileak zenbat arau-hauste egin dituen, kontratuaren disoluzioaren alde egin zuten. Gu bat gatoz erabaki horrekin. Erabaki teknikoa izan da, ez politikoa.
Hiltegiko kudeaketaren gaineko zer nolako jarraipena egin izan du udalak?
Udalak badu bere erantzukizuna azpiegituraren gain, eta erregulartasunez egin ditu inspekzio teknikoak: kontrol desberdinak egin dira, uren analisiak, azpiegituren ikuskatzeak... Hondakine kudeaketa, ordea, ez da jarraitu, ez baitzen udalaren eskumena. Irregulartasunen berri izaterakoan hasi ginen honen inguruko dokumentazioa eskatzen.
Udalak 2021eko urtarrilean garbitu zuen putzu septikoa, ez da logikoa handik sei hilabetera beteta egotea, eta maiztasun horrekin ez da jarraipenik egiten, ondorioz.
Enpresa guztiek sinatzen dituzte pleguak eta bertan zehaztutako baldintzak betetzeko konpromisoa hartzen dute. Gu ez gaude polizia bezala horien atzetik zertan ibili behar.
Zer gertatu zen 2019ko itxieran?
Guk 2019ko ekainaren 15ean hasi genuen legegintzaldian. Handik aste batzuetara, uztailaren hasieran URAren jakinarazpen bat jaso genuen hainbat isuri ikertzen ari zirela esanez, eta horien inguruko informazioa eskatzen. Teknikariak oporretan zeuden garai hartan, baina dokumentazio guztia prestatzen hasi ginen URAk beste odol isuri baten berri eman zigunean. Isuria gelditzeko hiltegia itxi behar zela esan zigun agentziak. Bien bitartean Ertzaintzak diligentziak zabaldu zituela adierazi zigun, ustezko ingurumenaren aurkako delitu bat egon zitekeelakoan. Abuztuaren 5ean eman zen hiltegia ixteko agindua.
Ingurumenaren aurkako delitua leporatu dizuete?
2019ko gertakariengatik bai Natxo Urkixok, bai hiltegiko kudeatzaileak eta bai nik Ertzaintzaren deia jaso genuen Erandiotik, 2021eko urtarrilean: ingurumenaren aurkako delitu batengatik ikertuak ginen hirurak. Delitu penal bat izanik ezin zaio administrazioari egotzi, pertsonei baizik, horregatik gaude herriko alkateak ikertu gisa. Oso prozesu luzea izaten ari da. Eta oso gogorra maila pertsonalean. Gure abokatuek kausa artxibatzeko eskatu dute, ikusteko dago hori gertatuko den edo ez.
"Delitu penal bat izanik ezin zaio administrazioari egotzi, pertsonei baizik, horregatik gaude herriko alkateak ikertu gisa"
Edonola ere 2019ko azaroan berriro zabaldu da hiltegia, bertan inbertsio batzuk eginda.
Irain asko entzun nituen, nire helburu bakarra hiltegia itxea zela, eta demostratu nuen ezetz. Hiltegiak 2019ko azaroan zabaldu zituen berriro ateak. 200.000 euroko inbertsioa egin zen bertan, hainbat gauza hobetu eta irekiera bermatu ahal izateko.
Beste diru partida bat ere badago onartua hiltegiko gabezia batzuk konpontzeko.
Bai, 2018ko abenduan, antzemandako beste isuri batzuen harira, URAk errekerimendu bat egin zion Udalari ,hainbat gabezia konpontze aldera. Proiektu bat osatu zen orduan horri erantzuteko. Aurreko gobernu taldeak proiektu bat esleitu zuen. Proiektuaren hasierako kostua 450.000 eurokoa zen: haraztegi txiki bat edota odola egosteko sistema bat hartzen zituen bere baitan, besteak beste.
2019ko gertakarien ostean alde batera utzi zen proiektua, irekiera ahalbidetuko zuten inbertsioak egiteko; odola biltzeko ponpa eta abar. Horren ostean berriro heldu zaio proiektuari.
Proiektu oso zaila izan da, eta asko luzatu da tramitazioa denboran COVID-19a dela eta edota Eusko Jaurlaritzatik pasa behar zelako. Gainera, hainbat organismotatik pasa ostean, Osasun Sailetik, Industriatik, Kantauriko Urkidetzatikproiektuaren kostua 900.000 eurora igo da. Oso inbertsio handia da hori Laudio bezalako herri batentzat.
Laudiok ezin du inbertsio hori bere gain hartu?
Horrek gauzak asko aldatzen ditu, Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin hitz egin beharra dago. Gainera kontuan hartu behar da Laudioko Hiltegia Laudioko herritarren erabilerarako sortu zela, eta urte askotan laudioarrek bakarrik erabili dute zerbitzua.
"2020ko datuak kontuan hartzen baditugu 3.080 behi sakrifikatu ziren hiltegian, horietatik 60 ziren Laudiokoak, %1,95 guztira"
2020ko datuak kontuan hartzen baditugu 3.080 behi sakrifikatu ziren hiltegian, horietatik 60 ziren Laudiokoak, %1,95 guztira. Diru galerak egon badaude. Gainera inbertsioetaz gain Udalak beste kontu batzuk ere hartzen ditu bere gain.
Iaz 80.000 euro galdu ziren kontratu horretan. Diru guzti hori laudioarren poltsikotik ateratzen da. 80.000 euro herriko 60 behirentzako, dirutza da hori.
Horregatik uste dugu gainerako administrazioek ere zer esana dutela horretan. Gu Laudioko Udala gara, ez gara Eusko Jaurlaritza, gurea ezin da izan Euskal Herriko hiltegi publiko bakarra. Gure bizilagunek ezin dute ordaindu Soriako, Burgoseko edo Bizkaiko abereak hemen hiltzea. Udalak herritar guztiek erabiltzen ez duten azpiegitura horretan 900.000 euro jartzea ezinezkoa da, bestela ez genuke dirurik izango kaleak asfaltatzeko, ekimen kulturalak egiteko...
Plegu berriak erredaktatzen ari zarete, nola bermatuko du udalak orain arte gertatutakoa ez gertatzea?
Orain arteko kontratuko baldintzak onak ziren, eta neurri zorrotzak zehazten ziren bertan. Pleguak ondo bete izan balira ez ginateke egoera honetan egongo. Bereziki kezkatzen gaitu jakiteak ez dela hau gertatzen den lehenengo aldia, bigarrena baizik, horregatik teknikariak egundoko lana ari dira egiten ahalik eta plegu garantistenak izateko, eta zerbitzua ondo emateko.
Beste hiltegi batzuetako prozedurak ere air gara biltzen.
Gaur egungo enpresak aukera izango luke lehiaketara aurkezteko?
Ez dugu erabaki, ez dugu horretaz hitz egin oraindik. Aukera guztiak daude mahaigainean. Ez dut ezer kudeatzailearen kontra; bai orde bere kudeaketaren kontra.
Eta inor ez aurkeztuko ez balitz?
Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin kontaktu zuzena mantentzen ari gara, ni, pertsonalki, sailburu eta diputatuekin harremanetan. Pausoz pauso joango gara ikusten. Momentuz diru-laguntzak jarri ditugu abian herriko abeltzainentzako. Badakigu hilabete zailak izango direla, baina erraztasunak izango dituzte beste hiltegi batzuetara joateko.