Udal hiltegiaren zer nolako erabilpena egiten duzue inguruko baserritarrek?
Udal hiltegiak animaliak sakrifikatzeko aukera ematen digu ekoizle handi zein txikioi. Onura gehien txikioi egiten digu, izan ere gure haziendak oso txikiak dira, ez da ekonomikoa 10 arkume sakrifikatzeko Oñatira arte joan behar izatea. Udal hiltegiak gertutasun hori eskaintzen digu. Gure mozkinak oso txikiak izaten dira, baserritik gertu horrelako azpiegitura bat izateak abantaila hori ematen digu.
Udal hiltegiak eskaintzen duen beste abantaila bat tokiko harategiei okela saltzeko aukera da. Zuk behi bat baldin baduzu salmenta zuzenean saltzeko, eta Oñatin sakrifikatu behar baduzu gainkostua izugarria da.
Uztailaren 2an kautelarki itxi zuen azpiegitura Udalak, eta orain kontratua suntsitu du, nola bizi duzue egoera?
Ez da kontu berria, honek gurpil zoroa ematen du. 2019an tankera honetako egoera batean izan ginen. Behin eta berriro gauza bera gertatzen da: Udalak irregulartasun batzuk gertatzen direla dio, enpresa kudeatzaileak ezetz. Guzti horren erdian baserritarrak gaude, gu gara hemen kaltetuenak. Nork duen arrazoia? Ez dakit, frogak jarri beharko dira mahaigainean, baina bien bitartean ekoizleak gara egoera ordaintzen ari garenak.
“Gure mozkinak oso txikiak izaten dira, baserritik gertu horrelako azpiegitura bat izateak abantaila hori ematen digu”
Uste duzu Udalak zuzen jokatu duela hiltegiaren itxierarekin?
Nire ustez ez. Nire iritziz, eta hau nire iritzia da, Udalak hiltegiaren itxiera nahi du. Benetan irregulartasunak gertatu direla uste badute froga dezatela zeintzuk izan diren. Ziur nago beste enpresa askok ere irregulartasunak egiten dituztela, kasu horietan, ordea, Udalak ez du kontraturik suntsitzen.
Ez dute ondo azaldu zer gertatzen ari den.
Laudioko Udalak egoera desaporbetxatu du. Hiltegia eskualdeko gainerako administrazio publikoei ere zabaldu nahi bazuen orain zuen aukera paregabea, inguruko herri gehienetan EAJ baitago udal gobernuetan.
Era berean bi urte hauek ere ez ditu ondo baliatu Ander Añibarroren gobernuak hiltegiarekin zer egin nahi duten argi eta garbi adierazteko. Duela bi urte gauza berdina gertatu zen, bi urteren buruan hemen ez da ezer aldatu eta egoera berdinean aurkitzen gara. Zinez uste badute kudeaketa hobetu daitekeela aukera izan dute horri buelta bat emateko.
Irailaren 30ean agortzen zen orain arte indarrean zegoen kontratua, hori bera ere ez dute aurreikusi. Orain lizitazio berriaren zain egon beharko gara beste hainbat hilabetez.
Udalak, Laudioko hiltegian proportzioan oso abere gutxi sakrifikatzen direla dio.
Laudiokoak gutxi izango dira, baina Laudioko zenbat baserritarrek dute baserria edo ganadua Laudio inguruko beste herri batean? Eskualdeko zenbat ekoizlek erabiltzen dute hiltegia?
Hiltegia ez da etekin ekonomikoa ateratzeko enpresa bat, zerbitzu publiko bat da, eta horrek sortzen dituen onurak kolektiboak dira. Laudioko hiltegiak gainera ez ditu gastu handirik suposatzen, are gehiago mozkinak ere ateratzen ditu administrazioak bertatik.
Laudioko harategietan gainera ez da soilik Laudioko abeltzainen okela komertzializatzen, eskualdeko beste baserritarren haragia ere saltzen da bertan, Laudioko hiltegian sakrifikatutako abereen haragia hain zuzen ere.
Udalak pentsatu beharko luke zer nolako baserri eta landa eredua sustatu nahi duen bere inguruan. Laudioko abere ustiategiak txikiak dira orokorrean, eredu mistokoak: ardi batzuk eta abelgorri pare bat. Ekoizleak ezin du asumitu hain esplotazio txikiarekin Oñatiko hiltegira joan behar izateak.
Hori gertatzen bada abereak izateari utziko dio eta landa eremua eukaliptoz beteko zaigu.
Badirudi afera guzti hau Udalaren eta hiltegiaren arteko afera dela, baina ez; kontsumitzaileok ere badugu zer esana eztabaida honetan hemengo haragia kontsumitu nahi badugu.
Nik argi dut, hemen hiltegirik ez badago bertako harakinek handizkako saltzaileei erosiko diote haragia. Orduan berdin izango dio denda txiki batean erosi edo merkatal zentro handi batera joatea.
Oñatiko hiltegia aipatu duzu. Udalak diru laguntza batzuk aurkeztu ditu abereak bertan sakrifikatzeko, nahikoa da hori?
Argi dago ezetz, ez dela nahikoa. Ahoa betetzen zaigu askotan kilometro zeroarekin eta abar, baina Oñati ez da kilometro zero da, kilometro ehun akaso.
Adibide bat jartzearren: demagun zuk 80 ardi dituzula, eta arkumearen kanpainan astean 6-8 arkume kentzen dituzula. Normalean horiek bertoko harakinei saltzen zaizkie. Goizean hiltegira joan, arkumea sakrifikatu eta harakinari saltzen zaio. Oñatira joanda hori zeharo desagertuko litzateke. Arkumeak bueltan ekartzeak kostu bat daukalako, eta ziurrenik haragi hori Oñatin geratuko zen.
Gainera ezinezkoa da salmenta zuzena harakin handiekin egitea, horiek ez doaz etxez etxe 10 arkumeren truke.
Argi dago egoera horretan baserri asko desagertuko zirela; arkumeak saltzea ezinezkoa litzake eta etxaldean duzun txahal bakanetako bat sakrifikatzeko urrutira joan behar izatea ez da batere errentagarria.
“Plataforma aurkeztu berri dugu, eta orain eskualdera zabaltzeari ekingo diogu. Aiaraldeko baserritar guztiei eragiten dien gaia baita hau”
Antolatzeari ekin diozue ekoizle eta baserritarrak, zer aldarrikatzen duzue?
Nagusiki hiltegia zabalik mantentzea eskatzen dugu guk, hori exijitu nahi diogu Udalari. Kudeaketa aldatu behar den edo ez, ez dakit, baina zerbitzua zabalik mantendu beharra dago.
Plataforma aurkeztu berri dugu, eta orain eskualdera zabaltzeari ekingo diogu. Aiaraldeko baserritar guztiei eragiten dien gaia baita hau, beste udaletxeen inplikazioa bilatu behar dugu.
Plataformaren helburua eragile bilakatzea da, hau da; hiltegiaren etorkizuna bermatuko duen prozesu osoan zehar agente aktibo bilakatzea eta jarraipena egitea.
Hori lortzen badugu, ezin diogu etorkizunean ere antolatuta egoteari utzi, landa eremuan sortu daitezkeen problematika desberdinei erantzuteko eragile interesgarria izan daitekeelako. Ez bakarrik ganadua duten baserritarrentzako, landa eremuarentzat bere osotasunean.
Hain zuzen ere hori gertatu zen 2019an: mobilizatzeari ekin genion eta hiltegia berriro zabaldu zuten unean etxera bueltatu ginen denok.
Nola bermatuko litzateke udal hiltegiaren jarraikortasuna?
Udal hiltegiak badu etorkizuna. Eta Laudioko Udalak bakarrik ezin badu aurrera eraman, goazen inguruko administrazio eta udalekin esertzera.
Guri datuak falta zaizkigu, Udal Gobernuak ekonomikoki ez dela bideragarria, kudeatzaileak, aldiz, mozkinak daudela. Goazen datuak argitara ateratzera, eta behin hori jakinda, pentsa dezagun zein izan daitekeen bere etorkizuna. Argi dagoena zerbitzu publiko hori guztiz beharrezkoa dela Aiaraldean eta hori defendatu behar dugu.