Uztailaren 2an itxi zituen ateak Laudioko hiltegi publikoak udal teknikariek kudeaketan hainbat irregulartasun antzeman ondoren. Ezinbestean 2019ra begira jarri ziren eskualdeko abeltzain, harakin eta herritarrak. Orduko hartan, Nerbioi ibaira iritsi zen odol isuri baten ondorioz azpiegituraren itxiera agindu zuen URAk. Soka luzea ekarri zuen isuriak, eta tartean, Laudioko bi alkate (Ander Añibarro eta Natxo Urkixo) ustezko ingurumenaren aurkako delitua batengatik ikertuak izan ziren. Gaur gaurkoz zabalik dago oraindik prozedura judizial hori.
Lehenengo itxiera horren ostean 2019ko azaroan ireki zuten berriro udal hiltegia, baina bi urteren ostean berriro ere errepikatu da historia. Oraingo honetan, gainera, Udalak Emusan SL enpresarekin zuen kontratua deuseztatzea erabaki du, bertan azaltzen ziren baldintzak betetzen ez zirela ulertuta.
Berriro ere zalantza nagusitu da eskualdean, Euskal Herriko hiltegi publiko bakanetako baten behin betiko itxiera ote da hau? Egoera argitu bitartean, Aiaraldeko baserritarrek antolatzeari ekin diote. Izan ere, eurak dira tira-bira guztien erdian aurkitzen direnak eta, hein handi batean, eskualdeko baserrien etorkizuna kolokan jar dezake afera honen amaiera tragikoak.
S.O.S. Baserriak
Baserritar eta harakinenak dira itxieraren aurrean gehien kaltetutako sektorea. Horregatik, ez dira besoak gurutzaturik geratu. 2019an mobilizazioak eta baserri mundutik egindako presioa ezinbestekoak izan ziren hiltegia berriro ere funtzionamenduan jartzeko.
“Zerbitzu hau ezinbesteko tresna da bai lehen sektorea defendatzeko, bai bertako merkataritza babesteko”
Horretaz jakitun, hiltegia kautelarki itxi bezain laster hasi ziren mobilizazioekin, eta uztaila eta abuztuan hainbat protesta egin zituzten. Ikasturte berriarekin batera urrats kualitatibo berria eman dute: 'Hiltegia ez itxi' plataforman antolatu dira. Atzo -irailak 21- eman zuten sorreraren berri, Laudioko Aldai Plazan egindako prentsaurreko jendetsuan: “Plataforma hau Laudioko hiltegiaren zerbitzua lehen baino lehen berrezartzearen beharrizana ikusi eta defendatzen dugulako sortzen da. Zerbitzu hau ezinbesteko tresna da bai lehen sektorea defendatzeko, bai bertako merkataritza babesteko ere”.
Gaur egungo alderdi politikoen eszenatoki bakarra alde batera utzi, eta batzorde berri bat sortzea proposatu diote udalari plataformako kideek. Bertan, plataforma bera, hiltegiko zerbitzua esleituta daukan enpresako ordezkariak eta baita Eusko Jaurlaritzako abeltzaintza saileko ordezkariak egongo lirateke: “Hiltegiaren itxiera bideratu duten arrazoiak modu argian ezagutu nahi ditugu”.
Irailaren 30ean ebatzi behar du udalak egungo zerbitzuaren luzapena. Hau gertatu ezean zerbitzu publikoaren berehalako esleipena egitea eskatu diote tokiko erakundeari, eta plataforma lehiaketa fase guztietan presente egotea.
Ostiralerako, irailak 24, manifestazioa deitu du Laudion 'Hiltegia ez itxi' plataformak
Behin zerbitzua esleituta, izaera iraunkorreko erakunde bat sortzeko aukera jarri dute mahaigainean baserritarrek “antzeko egoera bat errepikatu ez dadin”.
Bien bitartean, mobilizazioekin jarraituko du plataformak. Ostiralean manifestazioa egingo dute Laudion arratsaldeko 19:00etan, eta itxieraren aurka jasotako sinadurak entregatuko dituzte.
50 urteko historia
1968an inauguratu zen Laudioko hiltegia. Orduko hartan bertan zeuden langile apurrek Laudioko abeltzainen abereak sakrifikatu eta harategietatik banatzen zituzten, baina burokrazia eta mantenua udalaren esku zegoen. Laudioko ekoizleei eskaintzen zien zerbitzua soilik. Horrela funtzionatu zuen XXI. mendea hasi arte.
Itxieraren aurretik Laudioko herritarren %40ak udalerriko hiltegian ekoiztutako haragia kontsumitzen zuen
2000. urtean sakrifizio kopurua asko jaitsi egin zen, herrian merkatal zentro handiak agertzen hasiak baitziren. Urte hartan sartu zen Emusan SL enpresa hiltegian lanera. Hasieran udal langileak arduratzen ziren administrazio lanetaz, baina hurrengo kontratuetan hauen ardura ere Emusanen esku geratu zen.
2009an hasi ziren lehendabizikoz Laudioko abereak ez ezik, Aiaraldeko gainerako herrietako abereak jasotzen. Aldaketa horrekin hilean 3-4 tona haragi fakturatzetik 11-12 fakturatzera igaro ziren.
2012an inbertsio handi bat egin behar izan zen zerbitzua mantentzeko, baina horri esker Aiaraldetik kanpoko edozein ekoizlek ere abereak Laudiora eramateko aukera zuen. 13 langile izatera pasa ziren halako batean, hilean 70 harakinen beharrak asetzeko. Itxieraren aurretik, Laudioko kontsumitzaileen %40ak herriko hiltegian ekoiztutako haragia kontsumitzen zuen.