AITOR ASPIAZUk (Menagari, 1977) zaldiekin egiten du lan. Zaldi amerikarrak hezi egiten ditu, eta horrez gain Cow Horse kirolean lehiatu.
Noiztik zabiltza Western Cow Horse praktikatzen?
Amerikar zaldiak hezten ditugu, 2001ean inportatu genituen, eta western diziplinaren inguruan formatzen hasi ginen, hezi eta entrenatzen. Europako Cutting txapeldunarekin trebatzera joan nintzen, baina zaldun alemaniar zein suitzarrekin ere formatu naiz. Bakoitzaren esperientziatik nire metodoa edo entrenatzeko forma atera dut.
Espainiako Txapeldun izendatu zituzten aurrekoan. Pozik al zaude?
Jakina. Egindako lana aitortzea da. Zaila da lehena geratzea. Nik aurten 4.postutik behera geratzea espero nuen, Europatik inportatutako zaldiak egon dira, kaliforniarrek entrenatutakoak... Diziplina hau kaliforniakoa denez, baloreetan aldea nabari da. 40.0000€ edo 80.000 euroko zaldien aurka lehiatzean aukerak gutxitzen dira.
Zertan datza kirolak?
Guk egiten duguna Reined Cow Horse eta Reining-a da. Cow Horsean patroi lanak egitea dagozkigu. Probaren erdia behirik gabe egiten da, pistako ariketak eta mugimenduak izaten dira. Geldialdiak, piruetak... egitea da. Behin hori egitean behi bat ateratzen dute pistara. Boxing dagokion ariketan zaldia bakarrik lehiatzen da, artzain txakur gisa errekorteak egin behar ditu behiarekin. Censework edo hesi lanean, behiak galopean 180 gradutako bira ematea lortu behar du zaldiak, gure aginduak segiz. Alabaina, ezin du animalia ukitu, oso zaindua dagoen kirol bat da, animaliei tratu txarra ematen badiezu deskalifikatu egiten zaituzte, baita behiak hesiak ukitzeagatik ere. Ondoren Circlyinga dago, zaldi eta zaldunak batera behiak 8 bat egitea lortzea helburu duen ariketa. Reiningean berdina egiten da, baina behirik gabe. Ni Cow Horsean espezializatua naiz, batez ere. Espainian ez dago oso errotuta, horregatik Menagaraitik Frantzia eta Italiara joaten gara. Nahiko kirol garestia da, abere asko eskuratu edo alokatu behar dira eta.
Erabiltzen duzuen pista ere berezia da, ez?
Bai, hesituta egon behar da eta 60x30 metroko neurria izan behar du. Horrez gain, hesiek 1.70 metroko luzeera izan behar dute animaliek salto egin ez dezaten eta min egitea saihesteko. Lur motari dagokionez are soltea izate da, zaldiek irristatzeko aukera izan dezaten, baina minik hartu gabe. Gainera, pistaren aldamenean behientzako egon behar dira.
Kirol garestia dela diozu. Zer behar da ba?
Lehendabiziko gauza zaldi amerikar bat izatea da, horretarako espreski heziak direlako da garrantzitsua mota honetako aberea izatea. Senari jarraiki, abereekin lan egitera ohituta dauden arrazak dira, potroak direnetik bigantxekin lan egitera ohituak daude. Artzain txakurrak bezalakoak dira, genetikoki horretarako prestatuta daude. Oso zaila da txapelduna izatea Cow Horse zaldirik ez baduzu. Zaldi bakoitzaren heldulekuak eta abar pertsonalizatuak dira, zaldi eta zaldunari egokituak. Gutxi gora behera 3.000 eurotik gorakoak dira, beraz, inbertsio handia da. Zaldun bakoitzarentzako behi bat behar da behintzat, hortaz, txapelketak antolatzea ere garestia da. 3O zaldun badaude 45 behi behar dira, abereren bat arriskutsua bada ordezkatzeko. Horri hotelak, zaldiarentzako boxak, gasolina... gehitu behar zaizkio. Konplikatua da, baina eliteko edozein kirol da garestia. Inbertsio handiena zaldiarena da, inskripzioak 70-80 eurotan daude.
Nolakoak dira entrenamenduak?
Zaldiaren arabera prestaketak urte bat edo biko lana suposatzen du. Gure kasuan guk entrenatzen ditugu. Reining eta Cow Horserako zaldiak ditugu guk. Bestalde, bestelako zaldiak ere hezten ditugu, eta jendeari ibiltzen irakatsi. Eskola gisa funtzionatzen dugu.
Animaliak asko zaintzen dituzue. Nola?
Westernean asko babesten dira bai zaldia eta bai behia. Pistara sartu bezain pronto epaileak oso adi egoten dira animaliekin duzun jarrerari dagokionez. Zaldiaren ahoarekin ez da lanik egiten.
"Zaldiak gorputzaren pisu karga eta zaldunaren ahotsa interpretatzen du aginduak ulertzeko"
Praktikoki, ez dira aho-uhalak erabiltzen. Lehiaketaren amaieran, pistatik ateratzean, epailearengan joan behar zara, aho-uhalek kalterik egin ez diotela konprobatzen dute, zauririk ez dutela, presiorik jasan ez dutela... kontrolatzen dute.
Eskualdean ba al da Cow Horsean dabilen beste kirolaririk?
Bai, Euskal Herrian bi gara, eta biak eskualdekoak, Laudioko Txutxi Larrazabal eta ni. Nire eskolan hasi zen, eta aurten Espainiako txapelketan lehiatu da: hasiberrien kategorian seigarren geratu da, ez dago batere gaizki. Espainian 60-70 lagunek baino ez dute kirol hau praktikatzen. Jende gehiena Kataluniakoa, Madrilekoa, Leoikoa da..
Menagarain ba al duzue entrenatzeko toki egokirik?
Guk gure finkan dena dugu. Behor emeak libre uzten ditugu zelai batean, ez dugu haiekin lanik egiten, ugaltzeko erabiltzen ditugu. Pistan zaldiak entrenatzen ditugu. Beste pista batean zaldiak degradatzen ditugu, gidatzen ikasteko eta lidertza hartzeko. Azkenik, kortak leudeke.
Txapelketei dagokienez, zenbat proba izaten dituzue? Non?
Aurten Espainiako txapelketa antolatu den laugarren aldia da. Sailkapen probak egiten dira, baina finalak jendetsuagoak izateko entrenamendu gisa planteatzen ditugu guk, finalean bestela 4 egongo lirakeelako. Aurten finala Madrilen izan da, iaz eta duela bi Katalunian izan zen.
"Asmoa datorrren urtean edo hurrengoan, 2018a, Espainiako txapelketa Menagarain egitea da
Apuntatzen diren zaldi eta zaldunen arabera jakingo dugu aurre egin diezaiokegun edo ez. Diziplina amerikarra izaki ez dago espainian federaziorik. Gu National Reined Cow Horse Asociation elkartearen barruan gaude eta beraiek dira gidatzen eta federatzen gaituztenak.
Urtean zehar beste erakustaldirik egiten duzue?
Gainontzeko hilabeteetan ni eskolak ematera dedikatzen naiz. Valentzian, Katalunian, Madrilen... lehiatzen dabiltzan ikasleak ditut. Ikasle asko ditut, Galdakaon kaliforniar bati ere ematen dizkiot klaseak. Urte osoa ematen dut bidaiatzen, oporrak neguan hartzen ditut. Probatu nahi duenak, hala ere, nire etxera etorri besterik ez dauka, Menagaraiko plazan galdetu eta erraz topatuko gaitu. Klase guztiak indibidualak dira, eta prestatutako zaldiekin egiten dugu lan.
Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure helburuak?
Europatik ez ateratzea. Nazioen Kopan Espainia ordezkatzeko orain arte ez dugu behar adina zaldunik izan, baina hurrengo urtean baietz espero dut.