Argentinako Patagonia turismoa egiteko egokia izan daiteke, baina jada ez da beharrezkoa bertara joatea abenturan murgiltzeko. Munduaren amaierako ikurriñaren ordez, KonkiSoxok Aiaraldeko garaikurra altzatzeko aukera eskaintzen dio eskualdeko txiki, gazte edo nagusi ausartenari, eta ez dago mundua zeharkatu behar. Abuztuaren 30ean Soxora gerturatzea baino ez dago.
Bi urteren ostean
Urtebeteko geldialdiaren ondoren berreskuratu du KonkiSoxo erronka herriko gazte talde batek. Amaiur Mendioroz horietako bat da eta, azaldu duenez, ekintza “ez da beste herri batzuetan egiten dituzten ginkanak bezalakoa, probak landuagoak dira eta askoz borobilagoa da jokoa”. Aurten ekimena berritu dute eta, besteak beste, sari potoloa irabaziko du garaileak. “150€ daude ikurriña lortzen duenarentzat!”.
Mota askotako jokoak
Mekanika erraza da: parte hartzaileak taldeka hasiko dira lehiatzen eta azkenean, hainbat kanporaketen ondoren, banaka egingo diote aurre proben azken txanpari. Jokoak askotarikoak izango dira. “Fisikoak ez ezik, abilezian oinarritutakoak eta mentalak ere izango dira”, Mendiorozek aurreratu duenez.
Besteak beste, herri kirolak izango dira. Hala ere, Mendiorozek ez du azaldu nahi izan proba guztien nondik norakoak. “Partehartzaileek ekintza hasi aurretik eman beharko dute izena, taldeak osatuko ditugu eta orduan ezagutuko dituzte eginbeharrekoak”.
Talde mistoak
Hasierako talde bakoitzak adin eta sexu ezberdinetako partaideak izango ditu, trebetasun desberdinak barne hartuz. Mendiorozen esanetan, ekintza “oso dibertigarria” da. “Ondo pasatzeko diseinatuta dago eta disfrutatuko dugu”.
Jaiak, gainera, ez dira 30ean bukatuko. Hurrengo egunean ere hainbat gauza egongo dira: Igel-toka Txapelketa, umeentzako jolasak, Tute Txapelketa edota herri parrillada, besteak beste.