Uztailaren 21etik 24ra, Luiaondok Santa Maria jaiak ospatuko ditu beste behin. Txupinazoa gaur arratsaldean izango da, 20:00etan, eta ondoren kalejira egingo dute, egitarau zabalari hasiera emateko.
Ostiraleko jai eguna txistularien kalejira eta mezarekin hasiko dute. 13:00etan gaita galegoen emanaldia eskainiko dute.
Arratsaldean haurrek frontoian izango dute jolas parkea. Gaueko 22:00ak inguru, Arizgoitik taldeak dantzaldia eskainiko du eta 01:00etatik aurrera, diskofesta antolatuko dute.
[video:https://vimeo.com/134208114 width:620 height:350]
Larunbatean, egun osoan, ehiza txakurren erakustaldia egongo da Oleta jatetxearen aurreko zelaian. Gainera, 11:00etatik 13:00ak arte eta 18:00etatik 19:30ak arte bola txapelketa jokatuko dute. 19:00etan Zunba klasea ere egongo da. Odoloste janarekin eta Joselu Anaien eskutik egingo duten dantzaldiarekin eta Diskodantzarekin bukatuko da jai eguna.
Igandean kirola izango da jaien protagonista. Goizean eskupilotako jaialdia ospatuko dute eta arratsaldean, futbito eta bola partidak antolatuko dituzte. Gauean txistorra jana eta diskofesta egingo dute jaiak agurtzeko.