Josu Apraiz eta Zuriñe Frutos nagusitu ziren larunbatean Erretes Lantenoko mendi-lasterketan. Aurreko urteetan baino parte-hartzaile gehiago izan zen, 100 lasterkariren muga gainditu zuten eta.
Laudiora eta Artziniegara joan dira Peregaña Igoerako aurtengo txapelak, eta iazko arantzatxoa kendu dute Josu Apraiz laudioarrak (iazko bigarren sailkatua) eta Zuriñe Frutos artziniegarrak (iaz hirugarren).
Josuk 46 minutu eta 35 segundo behar izan zituen 11 kilometroko ibilbidea betetzeko, eta Zuriñek 55 minutu eta 23 segundo. Hala, laudioarrak lasterketako errekorra hautsi zuen, eta Zuriñek iazko marka 13 minutuan hobeto zuen. Ez da gutxi.
Lehia estua lasterketa buruan
Borroka ederra izan zen aurreneko postuetan; nesketan, Zuriñe Frutos eta Saioa Elaso bilbotarra ia ia batera ibili ziren tontorrera bitartean, lehia estuan, baina beheranzkoan Zuriñek mendian duen eskarmentua ondo aprobetxatu zuen garaipena eskuratzeko.
Gizonezkoetan, berriz, Pablo Masek hasieratik ezarri zuen erritmoa bizia eta tontorrean Apraizen aurretik heldu zen, baina berehala laudioarrak harrapatu zuen eta ezin izan zion eutsi jaitsieran. Iñaki Isasi ere oso gertu ibili zen.
113 lasterkari
Eguraldia goibel esnatu zen arren, arratsalde egokia geratu zen korrika egiteko; horri esker, eta lasterketan inguruotan hartu duen ospeari esker, jende asko hurbildu zen Erretesera eta inoiz baino parte-hartzaile gehiago batu ziren irteera puntuan, 113 hain zuzen ere.
Esan bezala, Aiaraldeko korrikalari asko zeuden, baina baita kanpotik etorritako jendea ere, batez ere Bilbo ingurutik eta Gasteizetik.
Sailkapenak:
Gizonak
Josu Apraiz (Orkatzak) 46:35
Pablo Mas (Oinkariak) 47:12
Iñaki Isasi (Aiaramendi) 47:27
Peio Moreno (Aiaramendi) 48:13
Pedro Urkijo (aiaramendi) 48:53
Emakumeak
Zuriñe Frutos 55:23
Saioa Elaso 56:38
Ainhoa Barredo 1:03:20
Izaro Alonso 1:04:24
Mariñe Izaola 1:07:12