VALENTIN NOVALES ELEJALDE (Soxo, 1957) Kaiku-ko bazkidea ez ezik, kooperatibaren kontseiluan aritzen da. Maiatzean Nardiz Saria jaso zuen Kaikuk Lehendakariaren eskutik, egindako ibilbidea aitortzeko.
Kaikurekin Nardiz saria jasotzera joan zinen, ezta?
Kaiku kooperatibaren barruan 13 kontseilariko batzordea dago, eta saria jasotzera joan ginen batzuk. Presidenteak ezin zuenez, Jon Agirre presidenteordea joan zen, eta ahal izan genuen kontseilari gehien ere bertaratu ginen bera babesteko eta aitorpena eskertzeko.
Hasteko, azaldu beharra dago Kaiku kooperatiba sortu zutela beste kooperatiba batzuek: Beyena, Urbia, Gurelesa eta Copeleche. 1953an abiatu zuten ibilbidea eta urte hauetan batzen eta funtzioak hartzen joan dira.
Printzipioz Gurelesa eta Copeleche elkartu ziren esnea ekoizteko eta elkarrekin saltzeko. Beyena eta Urbia desagertu zirenean, elkartu ziren.
Gero, industria sortu zuten; Iparlat, Urnietan. Bertan esnea ontziratzen eta komertzializatzen zuten.
Zentzu horretan, azken urteotan kooperatibak eginkizun sozial garrantzitsua izan du: Euskal herriko abeltzainen esnea jaso du. Goi mendiko ekoizleen kasuan ere, nahiz eta zailtasunak egon.
Izan ere, kanpotik etortzen ziren enpresek abeltzain indartsuenen esnea besterik ez zuten erosten, prezio hobea eskainita, jakina.
Kaikuk, ordea, esnea jasotzeko sistema antolatu du, inbertsio logistiko handia eginda, ustiategiek lan egiteko aukera izan dezaten.
Egun, ustiategi gutxi dago, baina daudenek Kaikuri esker iraun dute, neurri batean, zerbitzu hori eman baitie kooperatibak.
Urte oparoenetan enpresa handiak etorri dira kanpotik (multinazioalak, alegia, Nestle eta gainerakoak) prezio altuekin eta, horregatik, abeltzainei kostatzen zitzaien kooperatiban geratzea. Batzuetan 8 edo 9 pezetako ezberdintasuna zegoen litroko. Horrela, izaera kooperatibista edo epe luzerako ideiak ez zituena joaten zen.
Urte zailak izan dituzte bazkideek eta asko sufritu dute batzuetan, konplikatua zelako esnea saltzea; 90 egunera kobratzen zen eta, gainera, gutxiago.
Kaikun, beraz, funtsezkoa izan da bazkideek izan duten pazientzia eta sufritzeko gaitasuna. Horregatik, orain, EAE osoan eta Nafarroako zati batean jasotzen du Kaikuk esnea. Karrantzako kooperatiba txiki batean ezik, Euskadiko ekoizleen esne guztia jasotzen du Kaikuk.
Agian jakinaren gainean ez zaudete, baina iaz kanpoko enpresek utzi zioten esnea jasotzeari eta Kaikuko bazkideek ahalegina egin dute eta tratu berezia eskaini diete kanpoan geratu diren ekoizleei.
Prezio duinak ordaintzen dira (gutxienez 30 zentimo litroko) eta abeltzainak errespetatzen dira. Benetan errentagarria izan dadin, esnea 34 zentimotik gora ordaindu beharko litzateke, baina lehia oso handia da eta ezinezkoa da prezioak mantentzea.
Are gehiago, estatu espainiarrean batezbestekoa 26 edo 27 zentimo litrokoa da. Baina, hori bai, Kaiku ez da sortu esnea garestiago saltzeko eta etekinak eskuratzeko -zenbait kooperatiba egin zuten legez-, baizik eta tokiko industria propioa egiteko. Hori izan da ezberdintasun handia eta horrek mantentzen du bizirik.