Pasa den larunbatean, Luxaondoko areto futbol taldea lehen erregional mailara igotzeko txartelaren bila joan zen Gasteiza. Horretarako Cafeteria El Pregon taldea garaitu beharra zuen, aurreko fasean 5. postuan sailkatutako taldea.
Partida gogorra jokatu zuten bi taldeek baina Luiaondoko taldeak baloiaren jabetza eta gola sartzeko aukera gehiago izan zituen partidan zehar. Hala ere Gasteizko taldea aurretik jarri zen eta Luxaondoko jokalariek gogorrago egin behar izan zuten lan. Lan horri esker Asier Gonzalezek berdinketaren gola lortu zuen atsedenaldia heldu aurretik.
Bigarren zatian, aiaraldeko taldeak beste gol bat sartu eta aurretik jarri zen markagailuan Gartzen Alonsoren golari esker. Cafeteria El Pregoneko taldeak ez zuen aukera askorik sortzen baina sortzen zituen abaguneak ondo aprobetxatu eta berdinketaren gola lortu zuen, partida bina amaituz.
Berdinketa hausteko penaltietan erabaki behar izan zuten partida eta bi taldeek lehen bost jaurtiketak atea sartu ondoren, Luxaondok 6. jaurtiketan kale egin eta partida galdu egin zuten, lehen erregional mailara igotzeko ametsa zapuztuz.