Maiatzaren 5ean Luiaondoko anbulategia zabaltzeko inaugurazioa egingo dute. Egun horretatik aurrera, osasun zerbitzu berria Patxita Etxea izeneko eraikinean egongo da, Dorrea kaleko 17. zenbakian. Ekitaldia 11:00etan ospatuko da.
Eraikin horren beheko solairuko 250m2 hartuko du anbulategi berriak. Gainera, horren parean osasun zerbitzuaren beharrak erantzungo dituen aparkaleku berezia prestatu dute. Guztiarekin, Aiarako udalak uste du zerbitzuak 3.000 pertsona hartzeko gaitasuna izango duela.
Anbulategi berria barne hartuko duen eraikin horren birgaikuntza lanak orain dela urtebete hasi ziren. Arabako Foru Aldundiko Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bitartez finantzatu dituzte Patxita Etxean eta inguruan egindako lanak.
Zerbitzua osatzeko beharra
Aiaran gaur egun bi osasun zentro daude, bat Arespalditzan eta beste bat Luiaondon bertan baina kontsultategiak arazo larriak ditu, besteak beste, txiki geratu delako. Orain dela 15 urte baino gehiago zabaldu zen, herriko biztanleria 500 pertsona inguru zenan baina gaur egun 1.300 osasun txartel baino gehiago daude Luiaondon.