“Shangaiko Euskal Etxean, Ozeanian, Amerikan, Ipar poloan... munduko txoko askotan daude nik egindako adarrak"

Izar Mendiguren Cosgaya 2016ko mar. 28a, 14:32

JUAN ANTONIO ALAÑA URIBARRI (Menagarai, 1950) adar jotzailea da. Soinu tresnak egin eta oparitzen ditu.

Nondik datorkizu adarrarekiko lotura?

Gaztetan artzaina izan nintzen. Makilak grabatzen nituen. Soldaduska egiten egon nintzenean kobrearekin grabatuak egiten ikasi nuen, 1972an. Beti izan naiz autodidakta. Adarrak eta itsasoko kontxa zein karakolak grabatzen ditut.

 

JUAN ANTONIO ALAÑA URIBARRI (Menagarai, 1950) adar jotzailea da. Soinu tresnak egin eta oparitzen ditu.

Nondik datorkizu adarrarekiko lotura?

Gaztetan artzaina izan nintzen. Makilak grabatzen nituen. Soldaduska egiten egon nintzenean kobrearekin grabatuak egiten ikasi nuen, 1972an. Beti izan naiz autodidakta. Adarrak eta itsasoko kontxa zein karakolak grabatzen ditut.

 

"Ez nuke jakingo esaten zenbat adar egin ditudan, milaren bueltan ibiliko dira"

 

Munduko txoko askotan daude: Shangaiko Euskal Etxean, Ozeanian, Amerikan... Baita Ipar poloan ere, maratoi batean sari gisa emateko eskatu zidaten. 

Batez ere kirol mundurako egin ditut. Ez ditut inoiz saldu, oparitu baizik, saltzeko ordu asko behar dira eta...

Zuretzako zer esanahi du adarrak?

Euskal kulturaren parte da, airezko instrumenturik zaharrenetakoa da. Kariben eta Afrikan karakola erabiltzen dute gehienbat, horregatik nik ere oskol batzuk lortu eta grabatu egin ditut.

"Hainbat mezu idazten dizkiet: Gure Aita, Athleticeko eta Alaveseko ereserkia, esaldiak, berakatz zoparen errezeta..."

 

Antzina zertarako erabiltzen zen soinu tresna?

Komunikatzeko. Bizkaian bost menditan igandetan jotzen zen (Gorbeian, Ganekogortan, Kolitzan, Oizen eta Solluben) Bizkaiko Jaunak asteartetan egiten zuen batzarra iragartzeko.

Aiaran ere erabilia izan da. Madarian esaterako, mendian zegoen artzainak adarra jotzen zuen herritarrekin zehaztutako kodeen bidez. Hala, Madariakoek astoaren otar eta alforjetan artzainak behar zuena (eta janaria) sartzen zuten eta astoak Kobataraino eramaten zion. Astoak oso azkarrak dira, ez zuten laguntzarik behar izaten. Zeltek adarra erlaxatzeko erabiltzen zuten duela mila urte.

Eta gaur egun?

Etxea dekoratzeko. Batzuk ehizan joateko eskatu izan didate, baina adarra etxera iristean nahiago izan dute apaintzeko erabili. Jendeak bitxitzat du.

Noizbait adarra jotzeagatik adarra jo dizute?

Bai, askotan. Munduko toki gehienetan bikoteen arteko fideltasun ezarekin lotzen da.

"Gogoan dut Deban artisau gisa eman nuen eguna. Turista japoniar batzuk hurbildu ziren eta denak aritu ziren barrezka"

 

40 urte hauetan bitxikeria pila gertatu zaizkit. Adarra jotzen didatenean niri adarrak jateko asko eman didala erantzuten diet, beste zatitik norberak berea har dezala.

Nola egiten da adar bat?

Hiltegitik adarra lortu edo erosi behar da lehendabizi, eta ondoren hustu. Hala, adarra bi zatitan geratzen da: karabela eta funda. Guk funda erabiltzen dugu soinu tresna gisa. Adar bat egiteko 60-80 ordu behar dira. Igandean Okondoko Kultur etxean erakuskaldi bat egingo dut, erakusketarekin batera jendeak ikus dezan nola egiten dugun lan. 10:00etan hasiko gara saio didaktikoarekin.

Zure ustez, adargintza arriskuan al dago?

"Bai, egoera txarra da, Europako araudiak ez du uzten adarrak hiltegietatik ateratzen, errautsi egin behar dira"

 

Ondorioz, hiltegietako hainbat langilek atzeko atetik atera eta saltzeari ekin diote. Nik Portugalen erosten ditut adarrak, handiak gustatzen zaizkidalako. Adarrarekin edalontzi edo segapoto bat egiteko aski da behiaren adarra. Baserrietan egiten zen hori. 

Nik artisautza eta adargintzaren geroa gaizki ikusten dut, jendeak konplikatua dela uste du eta ez du bidea jarraitzen.

"Aiaraldean ere ez dago erreleborik. Gurekin batera ofizio asko hilko dira"

 

Egungo jendartean dena egiten da korrika eta honek lasaitasun asko eskatzen du. Nik beti esaten dut politikoak gehiago inplikatuko balira gauza asko egin litezkeela. Nik zaletasunagatik egiten dut jarduera hau eta ezin dut fakturarik aurkeztu. Hortaz, hobbiegatik horrelako gauzak egiten ditugunok ez dugu gauzak saldu edo erakusketak antolatzeko erraztasunik.

Zein da zure adarrik kuttunena?

Jose Pablo Uribarri okondoarra omentzeko egin nuena gustatzen zait gehien. Euskararen alde lan handia egin zuen, Aiara inguruan galtzen ari zen eta. Niretzat Bernart Etxepare II zen. 1775 urtean jaio zen, eta 1847an hil. Bitxia den beste adar bat Shanghaiko Euskal Etxean Athleticaren ereserkiarekin dudana da. Edo Haurtxo Txikia sehaska kanta duena.

Zein etorkizun opa diozu arte edo kultura mota honi?

2050ean Euskal Herritik 250 adar banatuta baleude zoriontsua izango nintzake. Gure ohiturak eta artea berreskuratzen ari garela adieraziko luke horrek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide