Gema Arrugaeta nazioarteko argazkilari profesionalak bihar solasaldia eskainiko du Agiñagan 19:00etan bere azkenengo liburua aurkezteko. Lan horretan jaso ditu artzaintzari buruzko 200 argazki baino gehiago, eta Euskal Herriko hainbat txokotan ibili da horretarako. Gema Arrugaetak adierazi du bertaratuekin iritziak eta esperientziak trukatu nahi dituela emanaldia gozoa izan dadin.
Argazkilariak ibilbide luzea eta emankorra egin du: "Al Filo de lo imposible" telebista saioan lan egin zuen Tibet eta Nepalen eta hori ez ezik, Perun, Bolivian, Amazonasen, Argentinan, Txilen, Norvegian, Suedian, Finlandian, Samin (Laponia), Danimarkan, Italian, Frantzian, Marokon, Tanzanian, Nepalen, Tibeten, Himalaian eta Sri Lankan ere egon da argazkiak egiten.
Horrez gain, Natura eta gizarte-gaiak ardatz dituzten 6 libururen egilea da, eta hainbat erakunde publikok eta pribatuk egin dituzten argitalpen anitzetan parte hartu du.
Bestalde, estatuko eta nazioarteko aldizkari askotan kolaboratzen du, irakaslea ere bada eta 13 dokumental eta hamaika erakusketa burutu ditu.