Aiarako EH Bilduk prentsa-oharra zabaldu du salatzeko EAJk hirigintza zerbitzua murriztu duela. Bi langile gutxiago izango ditu atal horrek eta EH Bilduk oso larritzat jo du egoera, udala hiri-antolamenduko plan orokorra -HAPO- egiten ari da-eta.
Koalizioak nabarmendu du jeltzaleek euren kabuz hartu dutela erabakia eta ez dutela txosten teknikorik aurkeztu neurria justifikatzeko.
EH Bilduren ustez hirigintza zerbitzuak ez du izango bitarteko nahiko, HAPOari ez ezik 23 administrazio batzarren beharrei ere erantzun beharko baitio. Epe luzera, langileek aparteko ordu gehiago egingo dituztela uste dute EH Bilduko kideek, eta, ondorioz, udalak ez du dirurik aurreztuko.
Azkenik, koalizioak azpimarratu du udalak ez duela euskara aintzat hartu kontratazio berria egitean.