Udalak Aiarako baserrien inbentarioa egin du eraikin bakoitzak GPSaren bitartez kokatu ahal izateko. Hala, informatika aplikazio bat, ibilgailuetako nabigatzaileentzako fitxategiak eta webgunea sortuko dute. Horrek larrialdi kasuetan lekura heltzeko erraztasuna emango du.
Informatika programak baserri guztiak “Google maps” bidez kokatzea ahalbidetu eta hauetara heltzeko bideak zehaztuko ditu. Gainera, horretarako webgune bat garatuko dute eta ibilgailuetako nabigatzaileetan erabiltzeko pdi fitxategiak (interes puntuak).
Aplikazio horren helburua da larrialdi kasuetan baserria ondo kokatzea eta ahalik eta azkarren iristea. Programa sortuko duen enpresa Geotech izango da eta Arabako Foru Aldundiak diruz lagunduko du. Hala, baserriak GPSren bidez kokatzeko proiektua Aramaion hasi zen eta Aiara bigarren herria izango da. Ondoren, Araba osora zabalduko dute.