Indarkeria matxistari buruz hausnartzeko, bihar 19:00etan bilera irekia egingo dute Arespalditzako Udaletxeko Areto Nagusian. Etxaurren Ikastolako Guraso Elkarteak, Aiarako emakumeen elkarteek eta Aiarako Biltokiak zabaldu dute deialdia.
Antolatzaileek azaroaren 25ean -emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako nazioarteko egunean- izan zuten ideia. Euren ustez, data horretan egiten den lanarekin ez da nahikoa indarkeria matxistari aurre egiteko.
365 egun genero biolentziarik gabe
Bultzatzaileen ustez arazoak lanketa sakonagoa behar du eta horregatik “365 egun genero biolentziarik gabe” kanpaina abiatu nahi dute.
Sustatzaileen helburua da ahalik eta herriko eragile gehienek parte hartzea. “Oinarrietatik landu behar dugu indarkeria matxistaren prebentzioa eta horretarako kultur eta kirol taldeen inplikazioa ezinbestekoa da” azaldu du Aiarako Biltokiko kide batek.
Egitasmoa martxan jarri dutenen xedea da esparru guztietara hedatzea bortizkeria matxistaren aurkako mezua eta horregatik espero dute jende ugari bertaratzea.