"Dantzak poztasuna eta lasaitasuna ematen dit"

Erredakzioa 2015ko aza. 22a, 19:50

AINHIZE SOLAUN (Murga, 1990) dantzariak Gaztea Dantzan lehiaketa irabazi du bideo honekin. Sariari buruz ez ezik, dantza munduari buruz ere mintzatu da.

 

Zer irabazi duzu?

AINHIZE SOLAUN (Murga, 1990) dantzariak Gaztea Dantzan lehiaketa irabazi du. Sariari buruz ez ezik, dantza munduari buruz ere mintzatu da.

Zer irabazi duzu?

Gaztea Irratiak antolatutako dantza lehiaketaren II. Edizioa. Parte hartzeko bideoak igo behar ziren haien web-atarian eta bi sari mota zeuden; ikusleek emandakoa eta epaimahaiarena.

Nik irabazi dut epaimahaiak bakarlari edo bikote bati ematen zion saria. Nik bakarrik egin dut.

Aukeratutako bideoa Amurrioko Antzokiaren 10. urteurrena zabaltzeko prestatu genuen.

Oso ondo eginda zegoen eta nire burua oso ondo ere ikusi nuen, beraz pentsatu nuen ideia ona zela aprobetxatzea.

Epaimahaiak azaldu dizu zergatik eman dizuten saria?

Ez dugu hitz egin. Nik irratian entzun dut. Originaltasunagatik, dantza ezberdinak uztartu ditudalako, presentzia handia ikusi didatelako agertoki gainean, musikarekin oso ondo lotu ditudalako mugimenduak... hori irakurri dut web-atarian.

Nik banekien gaur jakinarazi behar zutela eta irratia jarri dut. Ez dut nire izena entzun -bakarrik bideoarena- unkitu naizelako eta saltoka hasi naizelako.

Zer da saria eta zein da zure asmoa?

Dirua emango didate. Eta esan zuten irabazleak gonbidatuko lituzketela irratira, baina ez dakit zein diren irabazle horiek; taldekakoak edo ni.

Zein izango da zure hurrengo agerpen publikoa? Non izango du jendeak zu ikusteko aukera?

Momentuz ez daukat ezer. Banabil pentsatzen txapelketa batzuetan parte hartzea baina ez dut ezer erabaki.

Lanean nago dantza irakasten eta aldi berean akademia batean klaseak jasotzen ditut.

Duela urte asko hasi zinen dantza munduan?

Aresketa Ikastolan hasi nintzen 7 edo 8 urte nituelarik, euskal dantzak egiten.

Gero Ikastolan bertan aerobica egin nuen eta 12 edo 13 urterekin gimnasia erritmikoan murgildu nintzen.

Horren ostean Laudion jazz garaikidean hasi nintzen. Ondoren 2 urtez ez nuen ezer egin ikasketen ondorioz.

Geldialdia egin eta gero Basaurira jo nuen Biarte akademiara eta profesionalizaziora bideratu naiz: irakaslea izateko ikastaroa egin dut, hip hopa ere jorratu dut... jazza dantzatzen jarraitzen dut. Ez klasikoa baina bai teknikoagoa.

Talderen batean zaude?

Iaz txapelketa talde batean aritu nintzen, baina gehienbat bakarka edo binaka egin dut dantza.

Aurten ez dugu talderik lortu baina oso gustura egon naiz taldeka ere.

Non lehiatu zara orain arte?

Gehienbat Euskal Herrian. Maila altua dago eta gero eta hobea. Nabaritzen da kategoria txikietan daudenak oso onak direla.

Gure kategorian ere jende oso ona dago.

Baina sumatzen da txikiak ikasten ari direla eta modan jarri dela.

Ni hasi nintzenean ez zegoen hainbeste txapelketarik. Klasikoagoa zen edo gimnasia erritmikoa. Poliki-poliki modernoagoa bilakatu da; jazz, hip hop, funky...

Eta sariak zertarako balioko dizu?

Pentsatu dut diru hori erabiltzea Bartzelonara edo beste herrialde batera joateko; udan bi astez edo hilabete batez zerbait egin dezaket, beste dantza mota batzuk ezagutu edo horrelako zerbait.

Zer ematen dizu dantzak zuri?

Zoriontasuna eta lasaitasuna. Berdin zait nola nagoen, dantzan laguntzen nau. Adibidez, buruko mina badut, kentzen zait. Edo goibel nagoela, pozten nau.

Edonork egin dezake dantza?

Bai, edonork. Hobeto edo txarrago, baina praktikatuz gero gobetu egingo duzu.

Dena den oso ezaugarri ona da ikusle fina izatea. Dantzari on bat begiratzea eta ikustea zehazki nola egiten dituen mugimendu guztiak. Zuk ikasteko, jakina.

Zein da gogokoen duzun musika mota?

Guztiak gustuko ditut. Hip hopa gustatzen zait, asko disfrutatzen dut. Ez gehiago edo gutxiago baina bai beste era batera.

Adibidez, flamenkoa ez dut inoiz egin baina gustatuko litzaidake egitea. Euskal dantzak ere, profesional bat ikusten dudanean pentsatzen dut “nik horrela egin nahi dut”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide