Iraileko Udalbatzan zabor tasak eguneratzeko plana onartu zuten, kutsatutako hondakin eta lurzoruen legea betetzeko. Helburu nagusia 2018rako zerbitzuaren autofinantzaketa lortzea da. Ondorioz, hurrengo hiru urteetan mailakako igoera egongo da kobratuko den diru kopuruan.
2016rako zenbatekoa 31,85 eta 39,82 euro bitartean egongo da etxebizitzaren arabera; 232, 96 euro saltokientzako, beste erabilerarako lokalentzako eta 1.000 metro karratu baino gutxiagoko enpresentzat eta 323,4 euro 1.000 metro karratu baino gehiagoko enpresentzat.
Zabor tasak zerbitzuen balioen arabera egiten dira, eta errefusaren bilketa eta kudeaketa gehien balio duena da, izan ere, beste hondakinena doan ateratzen zaio Udalari autofinantzatzen delako.
Beraz, zerbitzuaren kostea murrizteko hoberena zaborra ondo banatzea da; hiri-hondakinak tratatzeko instalaziora ez direlako hainbeste zabor tona bidali behar.