Erleen (Apis mellifera) erlekumea botatzea deituriko fenomenoa koloniak ugaltzeko era naturala da, erlauntza bateko erleen guztien artetik multzo bat bere erreginarekin batera alde egiten duenean beste kolonia bat sortzeko asmoz.
Udaberrian, loratzea egokia izan bada, erlauntzak sasoi betean daude, eta bertako kideen kopurua hazi eta hazi aritzen da hamarnaka mila aleetara iritsi arte.
Jatorrizko erlauntzean dagoen lekua gero eta urriagoa izateak, eta erle gazteen kopurua zaharrena baino handiagoa bihurtzeak, aktibatu egiten ditu zenbait mekanismo biologiko erleengan. Azkenean, erreginak eta koloniaren erdia erlauntza uzten dute beste kolonia bat sortzeko.
Jatorrizko erlauntzean, bertako kolonia zaharrari jarraipena emango dion erregina berria sortuko da, dagoeneko zeuden arrautzetatik.
Egoitza berria aukeratu aurretik, esploratzaile talde bat erlauntzerako zulo egoki baten bila arituko da.
Zuhatzan erleek erakarpen berezia izaten dute “Kontxitaren etxe”-arekiko; kontua da berriz ere uda honetan erleek etxe horretako bi leihoetako kutxetako hutsuneak okupatu dituztela.
Erlekumearen etorrera ikustekoa izaten da, erle mordoa zarata handiz hurbildu eta pixkanaka aukeratutako hutsunean sartzen denean.
Apurka-apurka erleak sartzen doaz leihoko hutsunean erlekumearen multzo ikusgarria desagertu arte.
[video:https://youtu.be/mED06WDCkSM width:600 height:350]
Etxean auzokide hauek izatea gogaikarri samarra da ordea. Pertsiana erabili ezina geratzeaz gain, nolabaiteko segurtasunik eza antzematen da, nahiz eta baserri askotan garai batean erlauntzak etxebizitzaren balkoietan edo ondoko etxoletan kokatzen ziren.
Horregatik erabaki genuen hoberena erlekumea kentzea zela, beste kokapen egokiago batera eramateko. Patxi Urruela lagunaren laguntzaz, erlezain iaioa eta zaletua berau, erlekumea kentzeari ekin genion.
Horretarako kea sortzeko tramankulua erabiliko dugu, kartoia, gorotz lehorrak eta holako materialak errez kea sortzen duena, erleak zorabiatu eta lasaitzeko
Erlauntza kaxa bat prestatu behar dugu, gainean beste bat jarriz inbutu gisara.
Erleek dagoeneko leihoko hutsunearen zati bat betetzen dute, eta hasi dira abaraskak eraikitzen erle berriak hazteko eta eztia pilatzeko.
Leku gutxi dagoenez, erleak ateratzeko lana eskuz egin beharra dago, abaraskak apurtuz kutxa berrian sartzeko, eta erleak ere eskuz erretiratuz kutxan sartzeko.
Saiatzen gara erle kopururik handiena ateratzen, baina beti geratzen dira erle batzuk pertsianako hutsunean. Garrantzitsuena hala ere erle erregina harrapatzea da, baina zaila izaten da hori ikustea, eta erlauntza berrian egiaztatu beharko da harrapatu dugun ala ez arrautza errunaldi berria sortzen den behatuta.
Behin erlekumearen erretiratzea amaituta, kutxa ondo itxi behar da garraio bitartean zabaldu ez dadin.
Kolonia berria erlategi egoki batean kokatuko da, beste erlauntza batzuen ondoan. Ordu gutxitan erleak ederki egokituko dira bere egoitza berrira.
Erlekumea beti sasoi betean dagoen erlauntza handi bat baino txikiagoa izaten da. Jakina denez, liztor asiarraren etorrerak (Vespa velutina) buruhauste berria suposatzen du gure erleentzat. Liztor asiarrek erleak erasotzen dituzte, eta bereziki ahulenak diren erlauntzen kontra aritzen dira, erle biltzaile gutxiago dituztenen kontra, gure erlekumearen kasu.
Liztorra erlauntzaren sarrerako zirrikituan, “pikera”ren aurrean jartzen da kanpora begira, erlekumera itzultzen diren erleak harrapatzeko asmoz. Eta bitartean, barruko erleek “pikeran” itxaroten dute ateratzera ausartu gabe, harrapatzailea desagertu arte. Ondorioz, nektar eta lore-hautsaren bila aritzen diren erle biltzaileen lana oztopatua izaten da, uzta eta erlauntzaren erreserbak gutxiagotuz.
[video:https://youtu.be/jz8vPMXfXco width:600 height:350]