"Malaespina proiektuaren lehenengo etapan, Cadizetik Rio de Janeirorainoko bidaian, parte hartu nuen"

Erredakzioa 2015ko uzt. 12a, 11:11

IÑIGO AZUA (Muskiz, 1966) zientzalariak hitzaldia emango du Agiñagako jaietan. Malaespina proiektuan parte hartzen du eta horren barruan Rio de Janeirora joan zen itsasontziz eta orain emaitzak aztertzen ari da.

Lehenik eta behin zein da zure trebakuntza, zer ikasi duzu?

Biologiako lizentziaturaren mikrobiologia espezialitatea egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean 1989an bukatuz.

Lehenik eta behin zein da zure trebakuntza, zer ikasi duzu?

Biologiako lizentziaturaren mikrobiologia espezialitatea egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean 1989an bukatuz.

Hortik aurrera ur-sistemetako mikrobiologian espezializatu nintzen eta Kantauriar itsasoko bakterioei buruzko doktoretza EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia sailean egin nuen.

Sail honetako itsas-mikrobio taldekidea naiz eta itsasoaren mikrobioak ikuspuntu desberdinetatik aztertzen ditugu. 1996. urtetik EHUko irakaslea naiz eta gaur egun EHUko 3 gradutan (biologian, biokimika eta biologia molekularrean eta bioteknologian) eta master batean eskolak ematen ditut.

Azalduko diguzu zer zen Malaspina proiektua?

Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministeritzaren 2010eko Consolider Ingenio deialdiaren proiektu honek (2010tik 2014ra) 5 helburu zehatz zeuzkan.

Hauetariko bi guztiz zientifikoak ziren: lehenengoa itsasoan aldaketa globalak zuen eragina ebaluatzea eta gaur egungo egoeraren oinarri-lerroa ezartzea, eta bigarrena itsasoaren biodibertsitatea (batez ere itsas hondoarena) aztertzea eta gizartearentzat izan zezakeen balioa aurkitzea.

Bi helburuak lortzeko zirkumnabigazioa egin genuen. Bi helburu zientifiko hauetaz gain bazegoen dibulgazio-helburu bat: itsas zientzia eta honen ezaguera bultzatzea gizartean, konkretuki kasu honetan euskal gizartean. Hitzaldian saiatuko naiz azken hau jorratzen.

Proiektu hau diziplina anitzeko proiektua da, fisika, kimika, kutsatzaileak, fitoplanktona eta optika, zooplanktona eta mikroplanktona biltzen ditu.

Zuk zenbat denbora eman zenuen proiektuan eta zer egin zenuen?

Benetan proiektu hau 2010tik 2014ra finantziatuta egon eta artikulu batzuk jadanik argitaratu diren arren gaur egun gaude lagin batzuk tramitatzen eta emaitzak aztertzen informazioa argitaratzeko. Beraz esan daiteke proiektua berez ez dagoela oraindik bukatuta.

Nik proiektuaren prestakuntzan eta zirkumnabigazioaren lehenengo etapan (Cadizetik Rio de Janeirorainoko bidaian) parte hartu nuen eta emaitzen analisian sartuta nago.

Gure kasuan guk aztertzen ditugu itsas-mikroorganismoak: zenbat dauden, zeintzuk diren eta zer egiten duten.

Kontuan hartu behar dugu alde batetik itsasoa planetako ekosistema handiena dela lurraren bi heren ozeanoz urperaturik daudelako eta bestaldetik mikroorganismoak itsasoetako izaki bizidun oparoenak direla eta itsasoko materia eta energiaren bihurketan parte hartzen dutela.

Beraz itsas-mikrobioak ondo ezagutzeak oso garrantzi handia dauka ozeanoen funtzionamenduan eta betebeharrak ulertzeko.

Zein izan zen zuretzat unerik bereziena?

Nik esango nuke Rio de Janeirora hurbildu ginenean Pan de azucar delakotik eta itsasotik ateratzen diren muturretatik ontzian pasatzerakoan eta badia ikusterakoan.

Une horretan bururatu zitzaidan zer sentitu behar izan zuen Portugaleko Gaspar de Lemosek XVI. mendean halako hiria aurkitu zuenean. Gainera esan beharra dago hilabete honen zehar mundutik isolatuta zaudela eta itsasontziaren jendearekin oso harreman onak sortarazten direla.

Oso arlo zientifiko desberdinetako jendea elkartu ginen, baina hori noizbehinka konplexua izan arren, normalean aberasgarria da aukera ematen dizulako zientzia-arlo desberdinetako ezaguera osmosi bidez barneratzeko

Nola izan zenuen Malaspinan parte hartzeko aukera?

Aipatzekoa da oso leku desberdinetako ikerlariek parte hartu dugula proiektu honetan: EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko Itsas Mikrobioen taldeko partaideok, AZTIk, NASAk, Europako Espazio Agentziak, CSIC (Consejo superior de investigaciones científicas)-ekoak, IEO (Instituto Español Oceanográfico)-ekoak eta Washingtoneko, Vienako eta Rio de Janeiroko Unibertsitateek, besteak beste.

Nik egin nuen etapan, 32 ikerlari bildu ginen eta hauetatik zazpi atzerritarrak ziren, Portugal, Txile, Polonia, Brasil, Alemania, Frantzia eta Mexikoko herritarrak.

Babeleko dorrea bezalakoa zela esan daiteke. Gure kasuan oso espezializatuta gaude mikroorganismoen prozesu garrantzitsu batean (liseriketa extrazelularra) eta batez ere prozesu hau kuantifikatzera enbarkatu ginen.

Zein da horrelako proiektuen garrantzia?

Hasteko historian zehar Espainiako estatuaren proiektu ozeanografiko zientifiko garrantzitsuena dela esan behar da.

Horrela izanda jadanik hasi gara artikulu zientifiko gisa munduko aldizkari zientifiko onenetan, Science edo Nature besteak beste, informazioa gizarteari transmititzen.

Nahiz eta aurkikuntza interesgarri eta garrantzitsu asko lortu nik hauen artean 3 aipatuko nituzke:

i) itsasoan aldaketa globalagatik sortaraziko aldaketen egiaztapena (tenperaturaren igoera, azidifikazioa, kutsatzaile askoren agerpena, oxigenoaren kontzentrazioaren jaitsiera zonalde batzuetan, eta abar…..).

ii) arrain mesopelagikoen biomasa pentsatzen genuena baino 10 aldiz handiagoa dela eta iii) ehun milloi gene berrien aurkikuntza.

 Malaespina proiektuak gobernuaren babesik gabe geratu da, zein da bere egoera orain?

Lehen komentatu dudanez berez proiektua eta finantziazioa iaz bukatu zen. Edozein kasutan hain interesgarriak dira datuak eta guk orain dauzkagun laginak ezen lagin batzuk sekuentziatzen daudela bi proiektu desberdinen bidez: deepmalaspinomics eta malaspinomics eta malaspina-analytics.

Pentsatu behar dugu agian hortik aterako den informazioa baliagarria izan daitekeela nekazaritzan (landare-hazkundearen erregulatzaileak, fungizida eta pestizida naturalen sorkuntzarako), ekoizkin eta prozesu industrialetan (ehungintzan eta kimikogintzan, industria-ekipamenduaren garbiketan, hondakinen bioerremediazioan), osasun-arloan (produktu terapeutiko eta nutrazeutikoen sorreran) edo energia berriztagarri berrien aurkikuntzan.

Bestalde, esan beharra dago lagin batzuk gordeko direla, denbora-kapsula gisa, etorkizuneko belaunaldientzako metodologia eta helburu berriekin aztertzeko eta konparatu ahal izateko itsasoko gaur egungo egoera eta gerokoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide