"Gure ekarpen garrantzitsuena izan da gehiengo absolutuarekin bukatzea, gai guztiak adostasunaren bitartez landu dira"

Erredakzioa 2015ko api. 27a, 11:58

IRAIDA SAENZ DE LAFUENTE (Menoio, 1969) Aiara Batuz taldeko alkategaia izango da hurrengo hauteskundetan. Plataformak udalean egindako ibilbideari buruz mintzatu da bereziki elkarrizketan.

Hauteskundetan zu izango zara alkategaia, nolakoa izan da hautaketa prozesua?

IRAIDA SAENZ DE LAFUENTE (Menoio, 1969) Aiara Batuz taldeko alkategaia izango da hurrengo hauteskundetan. Plataformak udalean egindako ibilbideari buruz mintzatu da bereziki elkarrizketan.

Hauteskundetan zu izango zara alkategaia, nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Hasieratik gure apustua izan zen orain udalean dagoen Aiara Batuz-eko ordezkarietako bat izatea alkategaia -hau da, Iratxe Parro edo ni-.

Baina Iratxek, oraingo bozeramailea, ezin izango du modu jarraituan konpromisoak bete arrazoi pertsonalak direla medio. Horregatik niregan erori da ardura hori. Taldeak niregan konfiantza jarri du udalean agortzear dagoen legealdian lortutako esperientziagatik.

Zein da zure ibilbide politiko eta profesionala?

Zuzenbidean lizentziatua naiz eta Hirigintzan graduondoa egin dut. Tokiko administrazioan lan egiten dut. Menoioko Batzar Administratiboko lehendakaria naiz 2009tik eta Aiarako zinegotzia 2011tik.

Gainera udalean HAPO lantzen duen taldearen koordinatzailea naiz.

Norbaitek jakingo ez balu, azalduko zenuke zein den Aiara Batuz-en filosofia eta oinarriak eta nola sortu zenuten?

Aiara Batuz kasualitatez sortu zen, ibilbide eta sentsibilitate ezberdinetako pertsonak Aiarari dioten maitasuna dela eta elkartu zirenean. Udalaren funtzionamendua hondatu zegoela uste genuen bereziki partaidetza, udalaren funtzionamenduaren aldetik eta batzar administratiboekin harremana dela eta.

Herritar horiei gehiago elkartu ziren, horietako batzuk batzar adminsitratiboen kideak edo lehendakariak ziren, ni bezala.

Sinisten genuen eta oraindik sinisten dugu udalak ahalegin biziagoa egin behar duela batzar administratibo eta elkarteekiko.

Batzar administratiboek herritar guztiak elkartzen dituzte eta azpiegiturak kudeatzen dituzte herrietan. Elkarteek ekintzak antolatzen dituzte herrietan eta bizia ematen diete, herritarrek harremanetan jartzea lortzen dute, bai herrian bertan zein beste herriekin.

Zein da 4 urte hauetan egin dituzuen ekarpenak?

Gure ustez gure lehenengo ekarpena eta garrantzitsuena izan da gehiengo absolutuarekin bukatzea, urte luzez nagusia izan baita herrian. Puntu horretatik abiatuta, udalean lantzen diren gai guztiak talde ororen artean eztabaidatzen eta adosten dira. Eta horrek gauzatzen diren proiektuak aberasten ditu.

Bestalde, konpromisoa, lan gogorra eta etengabeko ekarpenak egin ditugu udalean eztabaidatu diren gai guztietan. Beti izan dugu joera gainerako talde politikoekin lan egiteko Aiarako mesederako ziren proiektuetan.

Urtez urte jorratu ditugu udal aurrekontuak zehatz-mehatz eta zuzenketak aurkeztu ditugu gure herri eta herritarrentzako etekinak lortzeko asmoz.

Gainera udal gobernu taldea sakatu dugu eta horri esker lortu dugu zenbait proiektu aurrera ateratzea; adibidez birziklatzeko puntu txikiak jartzea Luiaondon eta Arespalditzan.

Aiara Batuz-ek sustatu dituen proiektuen artean nabarmendu behar dira Etxaurren Ikastola inguruko egokitzapen lanak (irisgarritasun seguruagoa eta aparkaleku gehiago izan ditzan), aldizkari informatiboa -2011tik eskatutakoa-, HAPO abiatzea Aiaran, diru-laguntzak eskuratzea Gorobeleko larreen kudeaketa plana gauzatzeko...

Nola baloratzen duzue bukatzear dagoen legealdia? Bai zuen aldetik zein udal gobernu taldearen aldetik.

Motza egin zaigu. Proiektu batzuk aurrera ateratzea gustatuko litzaiguke baina ez da posible izan legealdi honetan. Adibidez batzar administratiboekin modu estuagoan lan egitea edo Enplegu Plana sortzea herritarrek kotizazioak lor ditzaten langabezirako diru-laguntza eskuratzeko...

Lortu dugu proiektu batzuk gauzatzea eta beste batzuk dinamizatzea. Baina bereziki gure ekarpenak Aiarako herritarren iradokizunetan oinarritu dira eta ez beste batzuk “goitik” helarazitako aginduetan, beste alderdi batzuei gertatzen zaien moduan.

Uste dugu hori garrantzitsua dela, herritarren ideiak udalari helaraztea, lehentasuna ematea tokikoa kudeatzeko eta agertzen diren gaien inguruan hausnartzeko askatasun osoa izatea. Beste erakunde batek zuzendu gabe, askotan ez baitu ezagutzen udalerriko errealitatea.

Gure sarrerak udalean balio izan du zenbait funtzionamendu dinamikak aldatzeko, adibidez Gorobeleko Anaitasunean, nahiz eta oraindik lan asko dagoen egiteke.

Udal gobernu taldeari dagokionez espero genuen gehiago lan egitea haiekin baina zaila izan da bere beldurrak eta mesfidantzak asko oztopatu baitu udalaren funtzionamendua, kudeaketa berandutuz edo ezinezkoa eginez, Enplegu Plana kasu.

Bestalde agerikoa da ez dela aurrekontuen kudeaketa egin, urtero soberakin garrantzitsuak egon izan baitira. Uda ostean gastatu gabeko diru-sailekin proiektuak gauzatzeko aukera egon da.

Legealdi baten eskarmentuarekin, zein izango da zuen proposamena hurrengo legealdia eta zeintzuk zure helburuak hauteskundetan?

Hurrengo legealdirako proposamena da gure konpromisoari helduz lan egiten jarraitzea orain arte bezala, gure ibilbideari jarraikortasuna emateko. Ikusi dugu giro soziala eta plataforma sortzeko arrazoiak indarrean daudela. Asko lortu da baina asko dago egiteke.

Ilusioz eta gogoz gainezka gaude gure udalerria eta aiararren bizitzak hobetzeko eta bere babesa ez zela doakoa izan erakusteko. Eta garrantzitsuena, askatasuna eta erabakitze zein hausnartzeko gaitasuna daukagu gai bakoitzean.

Aiararen alde lan egiten jarraituko dugu, batzar administratiboek eta elkarteek pisu gehiago izan dezaten udal kudeaketan; udal kudeaketa arindu dadin herritarrei lotutako gaietan. Horretarako badaukagu lortutako esperientziaren abantaila. Bukatzen den legealdi honetan planteatutakoa indar gehiagoz defendatuko dugu eta beharrezkoak diren proiektu berriak ere.

Bestalde, ez gara alderdi arrunta eta gure existentziaren azkenengo helburua ez da hauteskundeen emaitza. Gure helburua da udalean parte hartzen jarraitzea orain arte egin dugun bezala. Herritarrek egindako lana baloratu behar dute eta ondorioz orain arte izandako pisu bera, gutxiagoa edo handiagoa eman behar digute.

Eta ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi eta herria hobetzeko ekarpenak egin nahi dituzten herritarrak animatu nahi ditugu gurekin harremanetan jar daitezen. Gure taldea irekia eta zabala da eta ikuspegi gehiago batzeak hobetuko gaitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide