Osakidetzako langileek bihar arte luzatuko den greba orokorrari ekin diote gaur. Grebak oihartzuna izango du eskualdeko osasun zentroetan.
CCOO, UGT, ELA, LAB, ESK, SATSE, SME eta FFHE sindikatuek egindako greba deialdia, 2014ko bigarren seihilekoan abian jarritako mobilizazio kanpainaren barruan dago sartuta. Mobilizazio kanpaina horrek grebara eraman zituen osakidetzako langileak azaroan eta abenduan.
Astelehenean bildu ziren eragile sindikalak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiarekin Lakuan. Desadostasunak nabariak izan ziren. Sindikatuek salatu egin dute Osakidetzako Zuzendaritzak ez duela jarrera aldatu gai garrantzitsuetan eta ez dituela lanaldia eta soldatak negoziatuko.
Jaurlaritzak negoziazio mahaia zabaltzea eskaini die sindikatuei, bertan 2014-2015eko Lan Eskaintza Publikoa, ordezkapenak, barne mugikortasuna, garapen profesionalerako programa eta behin behineko kontratuen kontrola negoziatzeko. Sindikatuek ez dute hori nahikotzat jo eta mobilizazioekin jarraituko dute.