"30 urte eta gehiago euskara ofizial eta oraindik espainolez egiteko presiopean gaude egunero"

Erredakzioa 2015ko api. 24a, 06:13

ANUNTXI ARANA (Luiaondo, 1947) antropologoak 2014. urtea Argizaiola saria jasoz bukatu zuen eta egun batzu barru Aiarako Jaien pregoilaria izango da. Euskal Herriko Iparraldera itzuliko da omenaldia jasotzeko

Zer esan nahi du zuretzat zure udalerriak pertsona eta profesional moduan omentzea?

ANUNTXI ARANA (Luiaondo, 1947) antropologoak 2014. urtea Argizaiola saria jasoz bukatu zuen eta egun batzu barru Aiarako Jaien pregoilaria izango da. Euskal Herriko Iparraldera itzuliko da omenaldia jasotzeko

Zer esan nahi du zuretzat zure udalerriak pertsona eta profesional moduan omentzea?

Garrantzi handia dauka. Luiaondon jaio eta hazi eta, hor bizi barik ere, aiarartzat jotzen dut nire burua.

Nigatik esan daiteke: “Herritik irten da baina herria ez da harengandik irten”.

Orain Aiarak egiten didan jaietako pregoilaria izateko eskaintza oso atsegingarri zait, eta bihotzez eskertzen diot.

Batzuek Nerbioi ibaian lamiak ikusten zituztela esaten zuten, Aiaran, ba al dago pertsonaia mitologikorik?

Aiaran ez dut ikerketarik egin, euskaraz lan egin nahi nuen eta Orozkora jo nuen, auzo herrira. Luiaondon gure aitak entzuna zion norbaiti Nerbioi aldeko larrain batean sorginak (hala esaten zuten) egoten zirela lelo hau esanez: “Entrega nire orrazi”.

Kondaira ezagun baten zatia da: baten batek laminen orrazia topatu eta etxera eraman zuen, eta gero, gauaz, laminak etortzen zitzaizkiola: “Entrega nire orrazi, ezpabere nik galduko dut zure askazi”.

Geroago aditu dut sorginak beste erreka bazterretan ere egoten zirela. Eta ez dut entzun beste izaki mitikoren berri, baina, bai, izango ziren, eta oraindik ez da beranduegi izango zerbait biltzeko haien inguruan.

Euskal gizartean mitoen presentziaz mintzo zara, oraindik ere gure egunerokotasunaren parte dira? Nola?

Gaiaz interesatuak diren jendeen gogoan irauten dute mitoek, baina ez industria aurreko baserritarren gogoan bezala.

Antzina, santu kristauengan sinesten zen bezala sinesten zuten izaki mitikoetan. Orain beste modu batez hartzen dira kontuan mitoak: historia eta antropologiaren parte direlako izaten dira interesgarri, eta ondare propiotzat edukitzeak ere haienganako atxikimendua pizten du. Gainera, mitoak proiektu sozial bat eraikitzeko baliogarriak direla pentsa daiteke…

Batzuetan euskal mitologia femeninotzat jotzen da, emakumea protagonismoa izango balu bezala, nondik dator sinesmen hori?

Hain zuzen, ustea bada hemen –eta ez bakarrik hemen- mito batzuek balio baikorrak bideratzen dituztela eta eragina izan dezaketela ideologian eta jendartean.

Zenbaitek aldarrikatzen dute izaki mitiko garrantzitsuenak femeninoak direla eta, ondorioz, jendartea ere matriarkala dela, emakumeak nagusi direla nonbait, edo bederen sexu berdintasuna badela.

Baieztapen horiek ez dute funts handirik, nire ustez. Egia da kondaira askotako protagonistak laminak direla, baina Euskal Herriko ekialdean laminak gizontxoak izaten dira. Anbotoko Anderea oso ospetsua da Bizkaian eta Gipuzkoan; Zuberoan eta Baxenabarren, aldiz, basajauna da.

Eta gero baditugu jentilak eta mairuak, gehienetan maskulinoak –nahiz emakumeak ere badiren. Horietaz gain deabruak eta prakagorriak ditugu, hauek prakadunak, prakadunik baldin bada, euli itxuraz deskribatuak izan arren.

Dena dela, izaki mitiko gehienak eta garrantzitsuak femeninoak balira ere, eta oso gora izanik ere goiandere horiek, ezin diete aginte maskulino peko jendarte bateko emakumeei berdintasunik edo askatasunik ekarri, ez dira-eta horretarako pentsatuak izan.

Herri mitologia paganoa ez da eredugarria izaten. Eredugarria den kristau testuinguruan ere, mexikarrek eta hondarribiarrek Guadalupeko Ama Birjinari dioten debozioak ez die batere galarazten jokaera sexista erabiltzea, ez eta gizon eta emakumeena den alarde mistoa boikotatzea.

Ipar Euskal Herrian euskaraz doktore tesi bat aurkezten lehena izan zinen, zailtasun asko izan zenituen?

Bai horixe. Baina zailtasunak ez “nituen” neuk. Geuk “genituen”. Jasone ermuarra eta biok ari ginen orduan tesi bana prestatzen, eta eskerrak horri.

Euskaltzaleen elkarteek sustengatu gintuzten, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Euskal Konfederazioak kartsuki errebindikatu zuten euskaraz egiteko eskubidea, eta eskuin-ezker bidali zituzten eskaera eskutitzak.

Euskarazko establishment-ak, aldiz, ez zigun batere laguntzarik eman, ez dakit zeren beldur ziren. Kontua da inongo legerik ez zuela debekatzen eta, halako batez, ustekabez, hezkuntza ministro bat horretaz gogoratu zen eta jakinarazi zigun. Handik aurrera arazorik ez.

Zuk beti euskaraz idazten duzu, nola ikusten duzu egoera gure bailaran?

Gaizki! Hogeita hamar urte eta gehiago euskara ofizial eta oraindik espainolez egiteko presiopean gaude egunero. Mezu bat zabaldu nahi bada, “erdaraz mesedez”.

Kulturan, euskaraz gertatzen diren gauzak ez dira existitzen biztanle erdaldunentzat, ez eta euskaldun askorentzat ere.

Eta berdin antzeko kulturatik kanpo: zenbat jatetxek eta ostatuk dituzten menuak eta prezioak euskaraz? Zenbat saltegik? Egia da, bestalde, arlo horretan badirela ekimen batzuk itzelak: “Laudio bizi, euskaraz bizi!”, esate baterako, denetan kopiatzekoa da; eta Aiaraldea aldizkaria, berrikitan ARGIA saria bereganatu duena (goresmenak!). Holakoek optimismora konbertitzera bultzatzen dute.

Joan den urtean Durango Azokako Argizaiola saria jaso zenuen, nola sentitu zinen?

Hasteko zeharo harritua, doi bat estutua ere, eta aldi berean pozik. Ustekabeko errekonozimendua izan da eta, ziur aski, nire lana ezagutarazteko lagundu du. Ikusita nor izan diren aurreko urteetako saridunak, zorte oso ona izan dudala uste dut.

Zein proiektu dauzkuzu esku artean?

Orain argitaratzeko da liburu bat, Hilak gure artean du izenburua. Hilen agerpenak eta mundu honetara egiten ei dituzten (zituzten) bisitak aztertzen dira.

Kutsu pagano duten herri sinesteetan, hilen eta arima herratuen ingurukoek iraun dute gehien, kristau doktrinarekin aski ongi egokitu direlako, agian.

Ikusbide horretatik irakurtzen eta ulertzen ahal dira Domu Santuz, inauteriz edo Eguberriz egiten diren eske ateraldiak eta jai horiek tradizioan izan dituzten ezaugarri asko. Orain pixka bat baztertua gelditu da interpretazio hori, beste alderdi batzuk azpimarratu dira, baina zenduen itzultzea oso gai garrantzitsua izan da.

Hori dut orain eskuetan, eta gerokoak gero…

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide