Pasa den asteko asteazkenean onartu du Aiarako Udalak 2015eko aurrekontuak. Bildu ez ezik EAJk ere babestu ditu. Gainera, aldeko boza eman eta gero EAJko Garbiñe Alaña eta Ander Bergara zinegotziek bere dimisioa aurkeztu dute alderdiaren injerentziak salatuz.
Bestalde PP abstenitu da eta Aiara Batuz-ek kontrako boza eman du, alderdi independenteak aurkeztutako 9 zuzenketak ez baitira onartu.
2.567.356 euroko aurrekontua
Aurten Aiarako Udalak 2.567.356 euroko aurrekontua izango du eta 630.000 euroko soberakinak ere badauzka. Azken horiek Luiaondon egingo den osasun zentroan birgaitze-lanak gauzatzeko balioko dute.
Inbertsioen artean udalak azpimarratu ditu Arespalditza eta Luiaondoko kirol azpiegituretan eta Etxaurren Ikastolako komunetan egingo direnak.