“Euskal Herrira etorri nintzenean Korrika ezuste ona izan zen”

Erredakzioa 2015ko mar. 19a, 09:40

BRENDA CASTRILLO VALLE Aiaran bizi da. Duela hiru urte hasi zen euskara ikasten, baina Korrikarekin 1986an izan zuen lehen harremana.

BRENDA CASTRILLO VALLE Aiaran bizi da. Duela hiru urte hasi zen euskara ikasten, baina Korrikarekin 1986an izan zuen lehen harremana.

Zer da zuretzat Korrika?

Euskal Herrira etorri nintzenean Korrika ezuste eta esperientzia ona izan zen. Oso gauza polita da eta pertsona askorekin harremanetan jartzeko aukera ematen du. Jende ugari ikusten duzu pankarta baten atzean euskararen iraupena luzatzeko prest. Duela bi urte bi kilometrotan parte hartu nuen: Aretan eta Amurrion. Eta duela hamar urte Arespalditzatik Menagarairaino joan nintzen; lekukoa eraman nuen gainera.

Nola sortu zen euskararekiko duzun harremana?

Ni Nikaraguakoa naiz, baina Laudioko euskaldun batekin bizi naiz. Euskararekin nire lehen esperientzia bere senideen bitartez izan zen. Ni Nikaraguako prozesu iraultzailetik nator. Euskal kultura apur bat ezagutzen nuen Nikaraguako iraultzari elkartasuna adierazteko eta laguntzeko brigadista asko etorri baitira gure herrira.

1986an Orion egon nintzen, beraz, Korrikarekin harremana hor hasi nuen.

Euskara eta Nikaraguako jatorrizko hizkuntzen egoeraren artean bada paralelismorik?

Nikaraguan hizkuntza gehiago daude gazteleraz gain: miskito, sumo, nagual eta rama, hain zuzen. Haien eta euskararen artean paralelismoak daude. 1980an iraultza gobernura heltzean bere politiken artean zegoen sumo, nagual, miskito eta rama komunitateei hitza ematea. Estatuak babesa eta dirua eman izan ez balu, indigenen hizkuntzek ez lukete garatzeko aukerarik izango.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?

Nik euskaraz ikasi eta bizi nahi dut. Nire esperientzia euskararekin oso ona da.

Euskaraz hitz egiteak merezi du. Egia esan, pena handia ematen dit euskara ikasten lehenago hasi ez izanak. Duela hiru urte hasi nintzen euskaraz ikasten AEKn. Lehen Hizkuntza Eskakizuna lortzea gustatuko litzaidake. Hori izango litzateke nahiko nukeen etorkizuna.

Sozializatzeko oso garrantzitsua da euskara ezagutzea. Esperientzia bera ezberdina da euskaldunekin eta gazteleraz mintzatzen direnekin. Munduaren eta bizitzaren inguruko kontzeptu ezberdina dute gazteleraz hitz egiten dutenek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide