"Egia da guztiok amesten dugula txapelarekin, baina benetako helburua da ahalik eta hobekien abestea"

Erredakzioa 2015ko mar. 12a, 19:17

ASIER RUBIO (Luiaondo, 1995) Arabako Bertso Txapelketan aritu da eta gaur Bertso Korrikan parte hartuko du. Horretaz gain irakaslea da eta bere ibilbideari buruz mintzatu da.

Nolakoa izan da zure parte hartzea Arabako Bertso Txapelketan?

Aurreko edizioetan bezala antolatzaileek pentsatu zuten aurre kanporaketa batzuk egin behar zirela. Bertsolari zerrenda luzea zegoen eta eredua 18koa denez aurre kanporaketa horiek egin ziren.

ASIER RUBIO (Luiaondo, 1995) Arabako Bertso Txapelketan aritu da eta gaur Bertso Korrikan parte hartuko du. Horretaz gain irakaslea da eta bere ibilbideari buruz mintzatu da.

Nolakoa izan da zure parte hartzea Arabako Bertso Txapelketan?

Aurreko edizioetan bezala antolatzaileek pentsatu zuten aurre kanporaketa batzuk egin behar zirela. Bertsolari zerrenda luzea zegoen eta eredua 18koa denez aurre kanporaketa horiek egin ziren.

Ni azkena -13.- sailkatu nintzenez azkena abestea egokitu zitzaidan. Beste 5 horiek aurreko finaletik sailkatuta zeuden. Bi bueltan egitea adostu zen eta Legution eta Zigoitian kantatu nuen.

Lehenengo saioa Legution izan zen eta plaza hori ondo ezagutzen nuen, aurretik egonda naizelako Julio Soto, Jone Uria eta Igor Elortzarekin.

Hori behin igarota plazaren trantzea kenduta neukan eta lehenengo saio horretan nahiko ondo sentitu nintzen, inolako urduritasunik gabe. Nahiko gustura atera nintzen saiotik. Bakarkako gaia desbideratu nuela kenduta nahiko ondo egin nuen.

Gero Zigoitian egon nintzen eta itxaron izan behar nuen bi aste. Bide hori nahiko luzea egin zitzaidan eta tartean asko ez nuenez entrenatu, apur bat erlaxatu egin nintzen eta saioan islatu zen hori nire kantatzeko moduan, bertsoen kalitatean eta abar.

Urduriago abestu nuen eta gainera urduritasuna saioan bertan agertu zen. Aurretik ez nuen.

Okerrago atera zen eta nabaritu nuen behera egin nuela.

Niretzat Arabako Txapelketa bukatu da. Finala besterik ez da geratzen eta gozatzeko aukera geratzen da. Balorazioa nahiko positiboa da, lehen urtea izan da niretzat eta ez dut maila baxuena ezta garaiena eman.

Jarraitzeko asmoa daukazu orduan?

Bai, azken saioan kale egiteak eman dit jarraitzeko motibazioa. Agian lehenengo saioan txarto egin izan banu eta bigarrenean ondo, pozik bukatuko nukeen, baina ez hobetzeko motibazioarekin. Beste jarrera batekin bukatuko nuke eta orain geratzen zaidana da entrenatzea.

Helbururen bat jarri diozu zure buruari?

Printzipioz ez dut helburu finkorik. Helburua da gero eta hobeto kantatzea eta entzuleak gero eta gehiago gozatzea.

Egia da guztiok amesten dugula txapelarekin. Nik ere txapela nahi dut eta BECen agurra abestea.

Hori denon burutik pasatzen da baina benetako helburua da ahalik eta hobekien abestea, ahalik eta gehien eskaintzea entzuleari. Entzulea delako gure sostengua eta beharrezkoa dugun osagaia.

Hori da garrantzitsua. Norberak bere buruarekin gustura egotea.

Orain irakaslea zara.

Berez Unai Mendibilekin hasi nintzen Amurrion bertso eskola batean. Egon nintzen urtebete baino gehiago eta plazara atera nintzen zuzenean.

Unairekin hasi baino lehen banekien zerbait. Klasean denok ematen dugu bertsolaritza eta hasieran denok gara nahiko frikiak eta bideoetatik ikasten nuen.

Eta hori dela eta bat-batean hasi nintzen klasetan. Gogoratzen dut klasean errima batzuk banatu zituztela bertsoa osatzeko, horretarako paperean idazteko aukera eman zuten eta ni bat-batean egin nahi zuen bakarra nintzen.

Gero beste batzuek bat-batean ere egin zuten.

Hori izan zen abiapuntua eta bertso eskola ugaritik igaro naiz. Batzuei ez nieke deituko bertso eskola baina asko ikasi eta praktikatu dut Oihane Perea edo Eneko Abasolo Abarkasekin... jende askorekin.

Ibilbide horrek irakasteko ahalmena eman dit. Hala ere asko geratzen zait horretan. Momentuz Laudion laguntzen dut jolastokian bertsoak egiten.

Saiatzen naiz gero eta gehiago irakasten eta kalitatea hobetzen baina ez naiz irakaslea oraindik.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Gogoratzen dut DBHko 4. mailan literatura klasean irakasleak "Bertsolari" filmaren trailerra erakutsi zigula eta ni liluratuta geratu nintzen: BEC, kriston jendetza, bertsolariak abesten...

Eta hasi nintzen bideoak ikusten, finaleko agurrak, bertsoa.com... gero nire gauzak egiten, nahiz eta batzuk txarto egiten nituen.

Gehien gustatzen zaidana da bertsolariek -batik-bat puntakoek- nahi dutena esaten dutela eta gainera oso modu ederrean. Ahalmen horrek, jendeak gozatzeko egiten duzunarekin, nik uste gehien erakartzen nauena dela.

Pentsatzen duzunarekin gauza ederrak egitea. Askotan ez da ondo ateratzen baina hala ere jendeak asko eskertzen du ahalegina. Eta hori ikusten duzunean sentsazioa ikaragarria da. Horrek ematen dit motibazioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide