Lau hilabeteren ondoren, Aginagako biztanleek herrian egindako hobetze lanak bukatutzat eman dituzte. Egindako obrak bideen egokitzea, sarearen lurperatzea eta Elizaren zaharberritzea izan dira. Hobekuntza guztiak 217.183, 88 euro balio izan dute eta horren zati bat auzokideek ordaindu dute. Prozesu osoak zortzi urte iraun ditu.
Gauzak horrela, Aginaga telefono linea eta elektrizitatea linea lurperatzen duen Aiarako lehen herria bihurtu da, herriguneko paisaia-egokitzapena hobetuz. Gainera, Jai Batzordeak emandako diruari eta Menagaraiko auzokidea den Txopori esker, plazako iturri-garbitegia zaharberritu dute.
Etorkizunean Elizaren atzealdean herriko identitatea ardatza izango duen eskultura ere jarriko dute.
Bestalde, eta joan den abenduaren 20an herrian egindako “Haginaren sustraiak Aiaran” jardunaldia dela eta, hagin bat landatu zuten eta oroimen-plaka jarri zuten herriko plazan.