“Saria jasotzera joateaz gain, azoka ikusi eta jendearekin elkartzera bertaratuko naiz Durangora”

Txabi Alvarado Bañares 2014ko aza. 24a, 11:37

ANUNTXI ARANA MURILLO (Luiaondo, 1947) antropologoak jasoko du Argizola saria Durangoko Azokan, datorren abenduaren 6an. Aiaraldean jaio eta hazi den arren, gaur egun Angelun (Lapurdi) bizi da Arana. Baionako AEKn eta mugimendu feministan aritu izan da, eta mitologiari buruzko sei lan argitaratu ditu.

Argizaiola saria jasoko duzu Durangoko Azokan. Espero zenuen?

ANUNTXI ARANAk (Luiaondo, 1947) antropologoak jasoko du Argizola saria Durangoko Azokan, datorren abenduaren 6an. Aiaraldean jaio eta hazi den arren, gaur egun Angelun (Lapurdi) bizi da Arana. Baionako AEKn eta mugimendu feministan aritu izan da, eta mitologiari buruzko sei lan argitaratu ditu.

Argizaiola saria jasoko duzu Durangoko Azokan. Espero zenuen?

Espero ez, bat ere ez. Ustekabe handia izan da, hasieran ez nuen sinistu ere egiten. Baina gero, beste alde batetik, pozik hartu nuen. Ohore handia egiten didate, ikusirik aurreko urteetan nik estimatzen dudan jende asko saritu dutela. Nire burua izen horien artean ikustea inpresioa sorrarazten du, harridura, eta baita poza ere.

"Ustekabe handia izan da, hasieran ez nuen sinistu ere egiten"

Iaz William Douglass antropologoak jaso zuen saria. Antropologiari merezi duen aitortza egiten ari zaionaren seinale?

Ez dut horretan pentsatu, baina egia da. Beharbada hala da, niretzat ondo egongo litzateke hala izatea. Dena dela, ni antropologian aritzen naiz, baina batez ere mitologia dut aztertu. Euskal mitologia, munduko mitologia eta bien arteko alderaketak eginez. Barandiaran bizi izan zenean sekulako ospea izan zuen euskal mitologiak, eta gero pixka bat apaldu dela uste dut. Dena dela, oso inportantea da herri baten kulturaren baitako mitologia, nire ustez.

Aiaraldean jaio eta hazteak eragina izan zuen zure mitologiarekiko zaletasunean?

Ez, gure inguruan ez zen mitologia asko aipatzen. Liburu baten bidez izan zen: Azkueren “Euskalerriaren jakintza” iritsi zitzaidan esku artera, eta berehala interesatu nintzen. Oso istorio ederrak dira mitoetan kontatzen direnak. Gero, Baionan diploma bat lortzeko izena eman nuen eta horretarako memoria txiki bat egin behar izan nuen. Entzuna nuen Bidarrain (Baxe Nafarroa) bazela arpeko zaindua zen leku bat. Interesgarria izan ahal zelakoan magnetofoia hartu eta bertara jo nuen.

Bertan andre bat topatu nuen, zeinek bere etxera gonbidatu, merienda eskaini (berak egindako gozoki bat, gainera) eta kontu hartaz zekiten Bidarraingo herritarrengana eraman ninduen. Herritarrek oso ondo onartu ninduten euren etxetan eta nire galderak eta ezjakintasuna jasan izan zituzten. Horrela hasi nintzen, eta gustua hartu nion. Lan hori bukatuta beste bat egiteari ekin nion, Irati aldean. Eta gero pentsatu nuen nire sorterritik hurbil egongo zen zerbaiten inguruan egin beharko nukeela. Hala, Orozkon bukatu nuen nire kanpo-ikerketa lana.

“Orozko haraneko kondaira mitikoak: bilduma eta azterketa” doktorego-tesia da azken kanpo- ikerketa horren emaitza. Orozko bezalako herri txiki batek ematen al du mitologiari buruzko tesi bat egiteko?

Herri txikia Orozko... gurean esaten da Orozko zabala dela (barreak), Luiaondo txikiagoa baita. Hasteko esan beharra dago Orozko Luiaondoko herri-auzoa dela. Santa Marinatik baldin bazoaz bertara iritsiko zara. Hortaz gain, euskaraz egiten den Luiandorekiko herririk hurbilena da. Luiaondon seguru asko XIX. menderako desagertua zegoen euskara, baina pentsatzen nuen bertan egiten zen euskara Orozkokoaren oso antzerakoa izango zela. Horregatik joan nintzen bertara.

Hortaz gain, arbaso orozkoar bat izan dut, eta esaten zen Orozkon beste herrietan baino gehiago iraun zutela kondairek. Sorginak, Anboto, Aspuruko abadea... orozkoar askok ezagutzen dituzten kondairak dira.

"Esaten zen Orozkon beste herrietan baino gehiago iraun zutela kondairek"

Nolakoa izan zen ikerketa hori egitearen prozesua?

Aurrekoaren berdina: magnetofoia hartzea. Hor ere zorte nahiko izan nuen. Angelun aspalditik bizitzen nengoenez Orozkoko jendearekin kontaktua galdua nuen, baina ahizpak Jose Ramon Garigorta orozkoarrarekin jarri zidan kontaktuan, eta ezagutzen zuen jendearengana eraman ninduen honek, eta horrela egin nuen. Jose Angel Aramendik ere asko lagundu ninduen: bere etxeko hainbat kondaira kontatu zizkidan eta nire euskaldun-berri belarri motza herriko bizkaierara ohitzen ere lagundu zidan.

Hogei herritar inguru elkarrizketatu nituen, eta geroago ere irakurri ditut beste herritar batzuek kontatutako kondaira berriak, eta horiek ere oso ederrak dira. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet Orozkoko berri-emaile guztiei. Batzuk, zoritxarrez, hilda daude dagoeneko.

Ahoz-aho jasotako kondaira horien transmisioa azken belaunaldietan moztu dela uste duzu?

Ez dut hori zehazki ikertu. Baina pentsatzen dut etxeko-trasmisio hori eten egin dela. Inpresio bat baino ez da, seguru asko etxe batzuetan oraindik kontatuko dituzte arbasoengatik jasotako istorioak. Baina ia ziur nago ez dela sistematikoki egiten. Orain idatzizkoak dira, eta beste bizi bat daukate. Baina hitzezko kate bizia eten delakoan nago. Pena da, baina hala dela uste dut.

"Pentsatzen dut kondairen etxeko-trasmisio hori eten egin dela"

Arbasoen istorioak zekizkiketenak elkarrizketatzeaz gain, kondairen “zuzeneko testigantzak” jasotzera ere iritsi zinen.

“Lehen mailako lekuko” deitzen zaie. Lehen mailako lekukotza bat jaso ahal izan nuen, Zeberioko sorgin baten ingurukoa. Orotara lehen mailako hiruzpalau lekukotza edo jasoko nituen.. Baina mitoen ezaugarri nagusia da gehienetan benetan gertatutako gauzak dituztela oinarri. Badago beste uste bat Euskal Herrian dioena lehen bazeudela jentilak eta laminak baina akabatu egin direla. Hasieran esaten zen elizak eta bedeinkapenak medio hil zirela. Baina bertsio hori gaurkotzen joan da denbora pasatzen joan den heinean. Hala, batek esan zidan bonba atomikoak hil zituela izaki mitiko haiek.

 

EUSKALGINTZA

Gertutik jarraitu duzu Iparraldeko euskalgintzaren garapena. Paralelismorik dago Aiaraldean eman den garapenarekin?

Iparraldean, hasteko, euskara ez da ofiziala. Ez du inolako eskubiderik. Beti egon behar zara mesedeak eskatzen, iritzi-publikoaren prezioaren arabera. Euskara nahiko egoera txarrean dago, nahiz eta jendea jada ez den ausartzen euskararen kontrako jarrerarik hartzen. Lehen bai, ordea. Baina hiltzen den agure bakoitzarekin euskaldun bat hiltzen da, eta gero euskalduntzen direnak ez dira aski galtze hori konpentsatzeko. Egongo da baita herri honetan euskara dagoela ez dakienik ere, horretara irits gintezke. Inguru hau oso ederra da eta jende asko etortzen da Frantzia guztitik bigarren etxebizitzetara edo erretiroa pasatzera. Badirudi euskaldunen artean zerbait piztu dela, baina ez aski galtzeari buelta emateko.

"Oraindik ere asko falta da euskararen alorren Gipuzkoaren mailara iristeko. Eta Gipuzkoakoa minimoa da"

Eta Aiaraldean?

Aiaraldean Ikastolak egon dira, eta Aiaraldea Komunikazio Leihoa bezalako ekimenek ere adierazten dute zerbait egin dela. Baina oraindik ere asko falta da Gipuzkoaren mailara iristeko. Eta Gipuzkoakoa minimoa da. Maila horretara iritsi beharra dago euskararen biziraupena ziurtatzeko eta Gipuzkoa bera ere gorago joan dadin. Baina ez naiz soziolinguista, iritzi bat baino ez da.

 

BORROKA FEMINISTA

Borroka feministan ere ibilia zara. Alor horretan ere aurrerapausorik eman dela uste duzu?

Iparraldean mugimendua hexagonoaren abiaduran dabil. Hemen mugimendu feminista oso azkarra piztu zen 68an, eta 70. hamarkadan zehar ere, nire belaunaldikoak gazteak zirenean. 80. hamarkadan apaltze eta desmobilizazio oso handia egon zen, lorpen batzuk egin ziren arren. 90. hamarkadakoek mantendu dute suziria pizturik. Orain badirudi zerbait pizten ari dela, baina asko kostatzen ari zaio. Mugimendu berria gehienbat euskaldunengan eman da, agian euskaldunak direlako politizatuenak.

Hegoaldean mugimendu feminista geroago hasi zen, eta desmobilizazio apur bat egon den arren jende gazte asko ikusten da mugimendu feministen artean, nire ustez. Bilgune feminista da horren adibide indartsua.

LIBURU BERRIA

Zure hurrengo liburua udaberrirako argitaratzea duzu aurreikusia.

Bai, funtsean bukatua daukat liburua. Argitaratzea baino ez da falta. Hildakoak bizien mundua nola bisitatzen duten izango du aztergai. Maskaratuak eta inauteriak hildakoen izpirituekin lotu izan dira tradizionalki. Hori mitologiarekin nola lotzen den jorratuko du lanak. Euskal Herriko zein Europako informazioa jaso dut. Baina kanpo-lana albo batera utzi dut. Beste lan batzuetako erreferentziak jasoko ditu batez ere liburuak.

"Bukatua daukat liburua. Argitaratzea baino ez da falta"

Saria jasotzeaz gain, besterik egingo al duzu Durangon?

Azoka ikusi, jendearekin elkartu eta zerbait gustuko badut, erosi, beste guztiek bezala. Ez naiz urtero joaten. Iaz ez nintzen joan, baina duela bi urte bai.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide