Asteburuan, Añeseko herrian garia irinduko dute. Goizeko 10:00etan hasiko da ekitaldia. Herriko erdigunetik aterako da eta errotara joango dira bertaratuak. Normalean errota itxita dago, beraz, barrutik ikusteko aukera emango dute.
Guzti hori udan Maroñon hasitako prozesu baten testuinguruan kokatzen da. Maroñon garia landatu, moztu eta eultzitu da. Urrats honetan Añesera eramaten dute bertako errotan irintzeko. Garia asto batean zamatu eta errotara eramaten da. Ehotu egiten da, eta jarraian hamaiketakoa eskaintzen diote hurbildutako jendeari.
Aste batzuen buruan gari horrekin ogia egingo dute.
Antzinako usadioak eta eskualdean horiei lotuta dauden aztarnak goraipatzeko modua da ekimen herritar hori. Duela urte batzuk hasi zuten ohitura eta nahiz eta data zehatzik ez duen -eguraldiaren arabera egiten baita- oso arrakastatsua izan ohi da.