Naturayala blogean idatzi du Patxik testua antzeko landareei buruz:
"Ba dauka ba zerbait, Salbadak!
Bere haitzen azpitik pasa, eta Pirinioetako paretatzarrak datozkit gogora. Bere pagadien usain kuttuna Iratikoen berbera da. Eta haren gainetatik begira nagoela, hegoalderantz zabaltzen diren arroilak eta landak, artadiz zipriztinduak, agerian sakabanatzen zaizkidanean, dehesa mediterraneoarren oihartzunak iristen zaizkit.
Ba dauka ba zerbait, alajaina! Europako eremu gutxik gorde dute berak bezala halako hegazti harrapari eta sarraskijale komunitate aberatsa. Eta isileko ehiztarien nahiz eskopeteroen gogoz kontra bada ere, arranoen erreginarekin batera, piramide trofikoaren tontorrean otsoaren itzala izan eta izango da, gure mendien benetakotasun lekukorik hoberena.
Eremu berezi baten aurrean egotearen sentsazio hau areagotu egiten zait berez goi-menditarrak diren zenbait espezie aurkitzean. Glaziazio garaietan Europa osoan arrunt eta ugari izan zirenak, baina geroztik, klima epeltzearekin batera, bakarrik mendikaterik altuenetan babesa topatu dutenak. Iparrera begira dauden “erea”-tan, arkaitz artean luzatzen diren balkoitxo horietan topatu daitezke holako glaziazioen erlikia batzuk.
Ekaineko arratsalde batez, Javirekin pasioan, zitori horiarekin (Lilium pyrenaicum) egin nuen topo. Ez zen lehen aldia, hala ere beti atsegina izan ohi da beste latitude eta altitudeetan egon ohi den laguna bertan aurkitzea. Orain, Leridatik etorri berria, non bere ahizpa Lilium martagon (zitori gorria) agurtzeko aukera izan dudan, polita iruditu zait bi ahizpak parekatzea. Gainera jakin badakit ere gure inguruan badagoela, nahiz eta urriago antza.
Lilium martagon-ek, koloreaz aparte, itxura sotilago, finago, nolabait aristokratikoagoa dauka. Pyrenaicum-a ordea sendoagoa, zakarragoa, edertasun indartsuagoz jantzia, Piriniotar eta kantauriar endemismo bati dagokion bezala. Hala gustatzen zait pentsatzea behintzat.
Goi-mendiko espezie hauen etorkizuna ez dago batere garbi. Aldaketa klimatikoak eragindako beroketa globalak alturan gora bultzatzen ditu, egokiak dituzten tenperaturen bila. Hori gertatzen ari da Pirinio eta Alpeetan. Gure mendi txikietan ordea, ez dago gorago ihes egiterik…"