Madaria herriak 900 urte bete ditu. Hori dela-eta, urtemuga ospatzeko azaroaren 22an eta 23an ekintza ezberdinak egingo ditu Aiarako udalak.
Historia freskatuz
Azaldu dutenez, historikoki "Obaldia" ezizenez ezagutzen zen Madaria. Hala diote dokumentuek, behintzat. Agiriei erreparatuz, 864. urterako "Obaldia" dokumentuetan agertzen zen, Diego Porcellos kondeak San Millán de la Cogolla herriari utzitako monastegietan kasu. 1095.urtean aiararrek Calahorrako gotzainarekin sinatutako akordioan ere aipatzen da Madaria. 1114.urtean, berriz, Diego Lopez de Lejarzok San Millango monastegiari Obaldiako San Pedro eliza esleitu zion, urte luzez bertako apaizek mantendu zutelarik. 1830ean, berriz, Maroño eta Salmantoneko apaizen esku geratu zen zaintza.
Alor politikoari dagokionez, aldiz, Madaria Sopeñako Kuadrilaren baitan zegoela gogorarazi dute, Aiarako lurrak osatzen zituzten bost kuadrilletako batean. Bertako agintariak Zaraobeko larre eta mahaian elkartzen ziren erabakiak hartzeko. 1841ean, ordea, udalen sorrerekin batera Aiarako udalaren parte izatera igaro zen.