Aiarako Bilduk hauteskunde programan idatzitakoa bete ez duela salatu du Aiarako EAJk. Bilduk programa horretan aurreikusitako instituzioaren gizarteratzea, biztanleetara zabaldutako batzorde parte hartzaileak, baratz ekologikoak, Luiaondoko aparkaleku berriak, akordioak lortzea eta proposamen berriak egitea gauzatu ez dituela leporatu diote jeltzaleek.
Zehazki, EAJk oinarrizkotzat jotzen dituen batzar administratiboen proposamenei udal gobernuak idatzizko erantzunik eman ez izana salatu du. Horrekin batera, erabakiak hartzeko batzar informatiboak sortu ez eta alkatetzak berak sinatutako dekretuak bete ez direla adierazi du.
Horregatik, azken udalbatzan, jeltzaleek hainbat eskaera egin zioten udal-gobernuari, hala nola, aiararrek Amurrioko udal kiroldegian prezioen murrizketa edukitzeko akordioa berandu helaraztearen arrazoiak azaltzea, ehiztariek Gorobelen ehizatzeko aparteko baimen baten beharra ez izateko proposamena, Arabako Foru Aldundiari Luiandoko zenbait guneren berritzea eskatzea, Gorobeleko landen ustiaketaren gaineko ordenantza sortzea, Murgako seinale digitalaren arazoa konpontzea, kultur taldeekin biltzea edo Saraube aldizkariko gaitegia guztien artean zehaztea. Horretarako EAJk eztabaidarako gune egokiak sortzea eskatu du.
Amaitzeko, Bilduk Aiaran muga demokratikoak hautsi dituela adierazi du EAJko udal-taldeak; gezurra, larderia eta eraginkortasun eza leporatuz udal gobernuari.