“Aiara Oinez” ekimenaren bidez Foro Soziosanitarioa aurkeztuko dute gaur 19:00etan Luiaondon. Proiektuaren helburua herritarren parte-hartzea lortzea da, Aiarako osasunaren inguruan eztabaidatu eta komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko. Ostiralean 19:00etan Etxaurreneko ikastolan egingo dute bigarren aurkezpena.
Ekimena herritarrek sustatu dute. Horietako bat da Roberto Gonzalez medikua: “Osasunean eragiten duten faktoreak ez dira sanitarioak bakarrik, bzi ohiturekin zerikusi handia dute”. Horregatik, norbanako, elkarte eta agente ezberdinak batuko dituen foroa osatzea erabaki dute: “Komunitate osasuntsu batek beti lagunduko du norbanakoaren osasun egoera hobetzen. Horretarako hitzaldiak, kirol ekintzak, erretzeari uzteko ikastaroak... antolatzen badira komunitate osoa izango da onuradun”, zehaztu du.
Horretarako, lehendabizi, interesa duten pertsonak biltzeari ekin diote: “Osasun komunitarioa norberaren inplikazioaren araberakoa da. Aginduetara mugatzen den komunitate bateko jendartea gaixoa izango da”. Gonzalezen esanetan, denek lagun dezakete: “kazetari batek informazioa zabaltzen, farmazeutikoak Aiarako ekintzen berri emanez, apaizak gaixoak bisitatzena adinari egokitutako kirol jarduerak gomendatzen.... Edozein pertsonaren, elkarteren edo udalaren ekimen txikiena ere onartua eta eskertua izango da”. Proiektua abiatzeko beste leku batzuetako esperientziak baliatu dituzte.
Lehendabiziko pausua Aiarako diagnostikoa egitea izango da, heriotzen zergatiak kezagutzeko. Informazioa bildu eta zabaltzeko webgune bat sortuko dute. Eta, ondoren, Aiarako beharrei erantzuteko ekintzak planteatu. Bestalde, udazkenean zehar, emakumea eta osasuna ardatz izango dituen jardunaldiak egingo dituztela ere aurreratu dute.