Irailaren 20an, larunbatean, auzolana egingo dute Zuhatzan. Hala, baserrietatik ateratzen diren bideetako kunetak eta inguruak txukuntzeko egin dute deialdia. Izan ere, Iñaki Alavak azaldu duenez, bazterretan belarra pilatu egiten da. "Horrek, bidea oztopatu egiten du", argitu du. Horregatik negurako inguruak prest uzteko auzolana deitzea erabaki zuten ostegunean egin zuten kontzejuko bileran.
Alavaren arabera, goiz osoko lana aurreikusi dute, 09:00etatik eguerdirartekoa, hain zuzen ere. Tartean, ordea, indarrak batzeko hamaiketakoa egingo dute bertaratzen direnentzat. Herritarren artean ingurua hobetzeko ohitura, ordea, ez da berria. Orain arte, auzolan bidez Zuatzako iturria eta inguruetako pinudiak atondu dituzte. Iñaki Alavak adierazi duenez, auzolanean 16 urtetik gorakoek soilik hartu ahalko dute parte.