Beste urte batez, Luiaondoko aste kulturala antolatu dute, aurtengoa XIX. edizioa delarik. Egun horiek ekintzaz beteriko egunak izango dira (Luiaondoko Administrazio Batzarra eta Talde Kulturalen eskutik eta Aiarako Udalak eta Luiandoko Administrazio Batzarrak babestuta) bertan bizi diren haur, gazte edo nagusiak goza dezaten.
Aste kulturala, ekainaren 20an hasiko da sardinada batekin Gizarte Etxearen eskutik. Eta ekainaren 29an amaiera emango diote XIII. Parpaila topaketa eta lagunarteko bazkariarekin. Era berean, 20tik 29ra doazen egun tarte bitarte horretan jarduera desberdinak jorratuko dira: pilota txapelketa, herri bazkaria, bola lehiaketa, San Joan ospakizuna, tailerrak haur eta gazteentzako, gymkana, pelikula emanaldiak edo mendi ibilaldia besteak beste.
Bestalde hiru erakusketa egongo dira ikusgai aste kulturalean zehar: kontsultategi eta gizarte-etxerako sarbidean arkitektura-oztopoak kentzeko obra-proiektuarena, eskulanak eta luiandoarren argazki zaharrak erakutsiko dituztenak.