Udala eta aseguru etxea akordiora heldu dira kiroldegiaren gaineko zorra ordaintzeko

Erredakzioa 2014ko eka. 16a, 13:34

Kiroldegiaren proiektuaren gaineko zorra kitatzeko akordiora iritsi dira Aiarako Udala eta Asemas aseguru etxea. Aseguru etxeak proiektua diseinatu eta exekutatu zuten arkitektoak ordezkatzen ditu. Akordioan jasotakoaren arabera, aseguru-etxeak 675.000 euro ordainduko ditu. Udal-arkitektoak eta bere laguntzaileak, berriz, 50.000 euro ordainduko dituzte zuzenean (proiektua diseinatzeagatik jaso zuten antzeko diru-kopurua).

Kiroldegiaren proiektuaren gaineko zorra kitatzeko akordiora iritsi dira Aiarako Udala eta Asemas aseguru etxea. Aseguru etxeak proiektua diseinatu eta exekutatu zuten arkitektoak ordezkatzen ditu. Akordioan jasotakoaren arabera, aseguru-etxeak 675.000 euro ordainduko ditu. Udal-arkitektoak eta bere laguntzaileak, berriz, 50.000 euro ordainduko dituzte zuzenean (proiektua diseinatzeagatik jaso zuten antzeko diru-kopurua). Azkenengo orduko ezusterik ez balego -hau da, aseguru etxeak atzera egingo ez balu- kiroldegiaren auzia bukatuko litzateke.

Udalak, bere aldetik, 21.000 euro ordaindu ditu jada “eragindako soberakinen” moduan (proiektua egiteko erabili zen dirutik geratzen zena). Hala, kiroldegia egiteko diru-laguntzen harira aldundiarekin zegoen zorra ordaindu ahal izango du udalak, 747.000 eurokoa baita. Hala adierazi du Josu Artetxe Aiarako alkateak.

Kiroldegiaren ibilbidea

Kiroldegiaren auzia luzea izan da. 2004an onartu zen proiektuaren lehen zirriborroa, EAJ gobernuan zegoela, 1.125.397,6 euroko aurrekontuarekin. Handik bost urtera, baina, aurrekontua “ia hirukoiztu” egin zela adierazi du Artetxek. Horri eraiki ziren lehen paretetan agertutako arrakalak, eta obrak gauzatzean gertatutako beste hainbat arazo gehitu zitzaizkion.

Horregatik guztiagatik, udalak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen 2011n, Bildu, Aiara Batuz eta PPren aldeko bozekin. “Ez zen erraza izan erabaki hori hartzea”, oroitu du alkateak, “urte eta erdi igaro genuen txostenak aztertzen erabakia hartu baino lehen”.

Erabaki hori hartzeagatik 30.000 euro ordaindu behar izan zizkien udalak kiroldegiaren harmailak eta teilatua egingo zituzten enpresei, kalte ordain gisa. “Proiektu sozial moduan ere ez genuen ikusten”, adierazi du alkateak, eta aipatu du kiroldegiaren urteko mantentzea 50.000-60.000 euro inguruko kostu izango lukeela, funtzionamenduan jarri izan balitz.

Proiektua bertan behera uzteak Aldundiari diru-laguntza itzuli beharra ekarri zuen, eta hortik dator zorra. Kiroldegiko obrak hastean arazoak suertatu zirenean udalak epaiketara eraman zituen arkitektoak, “estruktura kalkuluak txarto egin zituztela argudiatuta”, Artetxeren hitzetan. Hortik etorri da orain lortu egin den akordioa, Aldundiaren zorra kitatu balio duena.

Guztiek balorazio positiboa

Oraindik Udalbatzan onartu behar den arren, arloko batzordean aurrera egin du jada akordioak, alderdi guztien aldeko bozarekin.

Aiara Batuz udal-plataformak “baikorki” baloratu du akordioa, eta EAJko zinegotzi Garbiñe Alaña ere pozik azaldu da, Aldundiarekin zegoen zorra ordaintzen delako eta kiroldegiaren proiektua gaizki joatearen erantzuleak arkitektoak izan zirela argi geratu delako. Aurreko udal-gobernuak errurik izan ez zuela frogatuta geratzen da horrela, zinegotzi jeltzalearen hitzetan.

Artetxe, bere aldetik, arkitektoei hasieran 1.2 milioi euro eskatzen zizkietela azaldu du, baina aldundiarekin zeukaten zorra ordaintzeko nahikoa zen kopurua negoziatu dutela gaineratu du. Izan ere, epaiketara joan izango balira diru gutxiago lortzeko arriskua zegoen. “Hobe akordio txar bat epaiketa on bat baino”, esamoldea ekarri du gogora alkateak.

Akordioarekin “porrot egin duen proiektu bati amaiera” eman diotela adierazi du Artetxek. “Proiektua modu arinean garatu zen, agian modu arinegian”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide