“San Isidro azokak Euskal Herri mailako zabalpena izatea da asmoa ”

Erabiltzailearen aurpegia Gartzen Garaio Atxurra 2014ko mai. 12a, 09:00

LAUREN URIA PEÑA (Aiara, 1965) Aiarako abeltzaintza zinegotzia da. Maiatzaren 15eko San Isidro azokaren antolakuntzan murgildua dago. 

LAUREN URIA PEÑA (Aiara, 1965) Aiarako abeltzaintza zinegotzia da. Maiatzaren 15eko San Isidro azokaren antolakuntzan murgildua dago. 

Noiztik antolatzen da azoka?
Noiztik zehazki ez dakit. Hori bai, oso antzinako azoka da; 100 urte izatetik hurbil egongo da. Atxako Markesak antolatu zuen lehenbizikoz. Gaur egun Udalak antolatzen du, Foru Aldundiaren, Kutxabanken eta Zaballa Nekazal Garapenerako elkartearen laguntzarekin. Talde bat osatu dugu azokaren antolakuntzan aritzen garen guztien artean eta egitaraua eta egunaren mekanika garatzen saiatzen gara.

Nahiko mekanika konplexua da: abereak kokatu behar dira, animaliekiko segurtasunaren araudia bete behar da (geroz eta zorrotzagoa dena)...

Zein helbururekin antolatzen da azoka?
Gure helburua sektorean erreferentea izango den azoka bat sortzea da. Araba mailan bi azoka baino ez daude abeltzaintzaren sektorearen erreferenteak direnak: Aguraingoa (800 urte baino gehiago dituena) eta Aiarakoa.

Azokaz harago joaten saiatu gara, aste horretan zehar sektorearen inguruko hausnarketarako espazioak sortuz. Lege-agintaldiko lehen urtean elikadura subiranotasunaz eta antzeko kontzeptuez egon ginen hitz egiten, eta baita kontsumitzaile eta ekoizlearen arteko bidea laburtzeko bere hainbat ekimenez ere, eskualdeko sektorean indarberritzeko xedearekin.

Aiarak propioki dituen baliabide naturaletan zentratuko gara aurtengo jardunaldietan, Gorobeleko lurzoru publikoetan hain zuzen.

Aiaran lehen sektoreak pisu nabaria du oraindik, ez?
Ba bai. Beste urte batzuetan egin ditugun jardunaldiak horretara zuzenduak zeuden, auto-enplegua sustatzeko eta deserrotzea eta despopulatzea ekiditeko modu bat bezala. Nik uste dut lehen sektorea oraindik nabarmena izatea aukera bat dela aiararrarentzat

Maiatzaren 15ean izango da azoka, zer egongo da egunean zehar?
Gune bat egon ohi da erreserbatua Euskal Herri mailako artisauek euren produktuak erakutsi ditzaten. Aurten ere Iparraldeko jendea etorriko da.
Hori da gure asmoa: San Isidro azokak Euskal Herri mailako zabalpena izatea. Hortaz gain, ohiko abere erakusketa ere badago. Behiak, ahuntzak, ardiak eta zaldiak egongo dira.

Iaz tokiko oiloaren (Laudioko oilo autoktonoaren) berreskurapenaren aurkezpena egin genuen, eta aurten ere egongo da oilo mota hori ikusteko aukera. Hortaz gain, Aztarna elkartearen eskutik antzinako tresnen erakusketa bat izango dugu.

Herri kirolak ere egongo dira, eta baita Aiarako gazta ere. Eskualdeko lau txakolin upategiren presentzia ere baieztatua dago. Umeentzako espazio bat ere erreserbatuko dugu.

Nik uste dut San Isidroko azoka orainaldiarekin zita bat dela, ez iraganarekin. Garena baldin bagara lehen sektorearekin dugun loturagatik da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide